Giro ederra izan dute Goizuetan eskolarteko topaketetan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 30a, 14:00

Ni + Zu= Gu dio topaketetako leloak eta halaxe, bat egin zuten Leitzaldeko eta Urumealdeko haur eta gurasoek irailaren 28an Goizuetan. Pilota plazan hasi zuten festa herriarteko besarkadarekin eta lekukoa leitzarrei emanez borobildu zuten eguna. Hasiera bezain berezia izan zen bukaera; aurten Goizuetako guraso batek egindako lekuko dotorea estreinatu zuten eta barruan gordea zuen mezua irakurri: «lekuko hau izan dadila gure eskolen eta topaketen etorkizuna».  Argazkiak: Felix Loiarte eta Eneritz Iraola

Azken orduko euri jasek hasieran zituzten asmoak aldarazi eta jokoak herri osoan banatu beharrean pilota plazan, eskolako aterpean eta garbilekuan egin behar izan zituzten. Zein baino zein proposamen bereziagoa, ttikienek ez zuten nabaritu aldea. Puxika eta basoa batetik bestera eramanez, zapi jokoan, aurpegia margotuz, zapoak arrantzatzen, uztaia elkarri pasaz... jolasean ibili ziren bazkalordura arte.

Bazkarian 150 lagun elkartu ziren eta tripa goxatuta, arratsaldean kalejiran atera ziren. Herri ttikietan ikasi eta bizi zioten pankartak aurrealdean eta Irumaita txarangakoen erritmora egin zuten herrian itzulia. Plazan elkartu ziren gero eta zaku karrera, lokotx biltzea, toka, koloretako zapiarekin edo arrautzak eramanez, giro ederrean ibili ziren.

Txokolate beroa edan eta bizkotxoa janez berreskuratu zituzten indarrak, Goizuetako trikitilarien saioa hasi aurretik. Bukaeran, lekukoa eman zieten Goizuetako gurasoek Leitzako gurasoei. Beraiena izanen da heldu den urtean topaketak antolatzeko ardura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun