Hiru Hiriburuak pilota txapelketan ere jokatuko du Goiuri Zabaleta leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 27a, 16:00

Hiru Hiriburuak txapelketako elite mailan parte hartuko duten hamasei pilotarietatik zortzi izan ziren aurkezpenean. Goiuri Zabaleta leitzarra ere falta zen.

68 pilotarik hartuko dute parte aurtengo txapelketan, horietatik hamaseik elite mailan, eta igandean Donostiako Atano III.ean jokatuko dituzte final laurdenetako partidak

Aurreko edizioek izandako harrera bikainak hauspotuta, emakumezkoen esku pilota egutegian bere lekua egiten ari den 3 Hiriburuak txapelketak bere hirugarren ekitaldiari ekingo dio igande honetan Donostiako Atano III.ean. Euskadiko hiru hiriburuetan jokatzen den txapelketa honek hazten jarraitzen du eta aurten partaide kopuruan beste jauzi bat emango du eta 68 izan dira lehiaketa honetan izena eman dutenak. Elite mailako lehen finalerdian, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Mendizabal, Uriarte eta Capellanen kontra ariko dira.

Txapelketa bost maila desberdinetan banatuko da; pilota goxoko bat eta beste lau gero eta errotuagoa dagoen pilota mistoarekin; hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak.


Txapelketari igande honetan bertan, irailak 29, emango zaio hasiera Donostiako Atano III.a mitikoan, egun osoko pilota maratoi batekin. Bertan maila guztietako aurre-kanporaketak jokatuko dituzte eta aurrera egitea lortzen dutenek urriaren 6an izango dute hurrengo hitzordua, emakumeen esku pilotan hain berezia bilakatu den Bilboko Esperantza pilotalekuan. Finalak urriaren 13rako daude iragarriak, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. 

Elite mailari dagokionean, aurten zortzi bikotek hartuko dute parte; Etxegarai-Oses, Arrizabalaga-Zabala, Zabaleta-Mendizabal, Uriarte-Capellan, Arraiza-Gaminde, Salsamendi-Bergara, Aldai-Erasun eta Larrarte-Perez. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun