Ezaguna denez, sagardoaren zikloan, irailaren amaieratik aurrera sagarrak biltzen dira eta abendura arte luzatu ohi den elaborazio-aldia hasten da (birrintzea, prentsatzea, hartzitzea, botilaratzea). Lan nekeza bada ere, urtarrilean sari ederra ematen digu, orduan “txotx” garaia iristen baitzaigu eta, erritual honen bidez, maiatza arte sagardo uzta berriaz gozatzeko aukera dugu. Lekunberrin, 19 urte daramatzate segidan Sagardo Eguna ospatzen, eta iraileko agendan ezinbesteko hitzordua bihurtu da hain errotuta dagoen produktu horren zaleentzat.
Iraileko azken igandean ospatuko den Sagardo Egunean, Nafarroan egindako sagardorik onena dastatzeko aukera izanen da, bertako sagardotegi ekoizleekin batera, Nafarroako beste sagardogile batzuk ere izanen baitira. Izan ere, ekitaldi honen antolaketa Lekunberriko Udalaren eta Nafarroako “Dolarea” Sagardo Ekoizleen Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da. Horrela izanda, ondorengo sagardogileek parte hartuko dute aurtengo edizioan:
- Martitxonea (Aldatz)
- Larraldea (Lekaroz)
- Lindurren borda (Lesaka)
- Toki Alai (Lekunberri)
- Perkatzenea (Madotz)
Sagardo ezberdinak dastatzeko, dagoeneko finkatuta dagoen formula erabiliko da: edalontzi bat erosi behar da 4 euroren truke, eta 5 sagardo desberdin dastatzeko aukera emanen du (edalontzia eta 5 txartel).
Bestalde, jakina, botilako sagardoa erosteko aukera egonen da eta, esan bezala, sagar-zuku naturala ere erosi ahal izanen da, sagardogile batzuk ere eskaintza dibertsifikatzen ari baitira, eta zuku ekologiko gozoak egiten dituzte % 100, azukre erantsirik gabe eta inolako kontserbatzailerik gabe. Bertan Ekosagar (Oskotz) eta Perkatzenea (Madotz) zuku-ekoizleak izanen dira
Baina sagardoa ez da izanen Lekunberriko Sagardo Egunean dastatu ahal izanen den produktu bakarra. Sagardoa bezalako edariarekin, mokadu bat hartu behar da beti. Eta oraingoan zer hoberik taloak (txistorra, hirugiharra, gazta...), bertako gaztak (Idiazabalgoa eta ahuntzarena) edo Lekunberriko artisau ogia baino, sagardoarekin "uztartzeko". Horrela, Lekunberriko herriko plazan, sagardo postuez gain, azokari zaporea emanen dioten artisau postuak egonen dira. Azoka 11:00etan irekiko da.
Kirikoketa eta sagar erakusketa
Sagardo on baten sekretua, neurri handi batean, sagar barietate ezberdinen hautaketan eta nahasketan dago. Sagardoa egiteko sagar autoktonoaren barietate ugari daude, baina batzuk bereziki arruntenak dira. Lekunberriko plazan bertan, goizeko 11:00etatik aurrera, sagar barietate arruntenen aukeraketa bat erakutsiko da.
Baina, Baina, zalantzarik gabe, publikoak gehien espero duen uneetako bat kirikoketa da. Erritual honek lotura estua du sagarra zapaldu eta txikitzeko prozesuarekin. Lau pertsona, oin biluziekin eta zurezko mazo handi batzuekin, erritmikoki jotzen dute sagarrak txikitzeko botatzen ziren oholen gainean. Zeremonia berezia eta hunkigarria zen dolareetan, zapaltzeko eta txikitzeko lan neketsuaren amaiera iragartzen baitzuen, eta deskantsatzeko unea eta ospakizunezkoa sortzen zuen, non, txalapartarekin bezala, erritmoen txandakatzea eta inprobisazioa jariatzen baitzen jai-giroan.
Aurreko urtetan bezala, kirikoketa Lekarozko Jo ala Jo elkarte beteranoak eskainiko du. Kirikoketa plazan bertan izanen da, 12:00etan. Sagarra jo!.