San Mateo torneoko finala jokatuko du Goiuri Zabaleta leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 26a, 14:00

Capellan, Aldai, Erasun eta Goiuri Zabaleta izanen dira San Mateo torneoko finalistak.

Erasunekin batera, Capellan eta Aldairen kontra ariko da larunbat eguerdian Logroñoko Adarragan

San Mateo torneoko emakumeen laugarren pilota txapelketako finala jokatuko dute irailaren 28an, larunbat eguerdian Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Finalerdietan garaile suertatu ziren Andrea Capellan eta Amaia Aldai, Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Itxaso Erasunen kontra ariko dira.

Ziur Logroñoko zaleak bertan txapeldun izatea zer den badakien Andrea Capellanen alde egonen direla. Santo Domingo de la Calzadakoak 2022an irabazi zuen txapela, orain arteko hiru edizioetako txapeldun izan den Olatz Arrizabalaga eskoltatuz. Horretarako, emakumezkoen beste erreferentzia handi baten laguntza izango du, edozein partidaren erritmoa aldatzeko gai den Amaia Aldairena. Faboritoak ziren atzelari errioxarraren etxean jokatu zuten finalerdian eta euren konpromisoa erraz atera zuten aurrera.

Parean Zabaleta-Erasun izango dituzte, ikuskizuna bermatzen duen bikoa. Leitzako aurrelaria teknika handiko aurrelari oldarkorra da, aurreko koadroetan tantoak bukatzeko postura guztiak menperatzen dituena, hitz bitan esateko, Errioxako ikusleek hain gustuko duten joko alaia egiten duen pilotaria. Atzean Itxaso Erasun izango du, Logroñon denboraldi honetan eman duen aurrerapausoa berretsi nahi duen pilotaria.

Giro ona ere bermatuta dago, eta beraz, Adarraga izan daiteke San Mateo festetako larunbatari hasiera emateko lekurik aproposena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun