Leitzulia BTT proba irailaren 28an eginen dute

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 26a, 09:00

Ehunka txirrindulari bilduko ditu probak.

Leitzuliaren seigarren edizioa izanen da larunbatekoa eta 322 lagunek eman dute izena. Proba ez da lehiakorra izanen eta maldan gora eta behera eginez, 42 kilometroko luzera eta 1.450 metroko malda duen ibilbidea osatu beharko dute. 

Leitzako plazan, 09:00etan, izanen da irteera eta 15:00etan toki berean izanen du helmuga. Dortsalak, berriz, proba egunean, 07:30etik 08:45era hartu ahal izanen dira, izena emateko orriaren egiaztagiria aurkeztuta.

Iaz bezalaxe, antolatzaileek probaren hasierako tartea arautuko dute, martxa neutralizatu gisara; hasieran herriko hainbat kale zeharkatuko dituztelako eginen dute horrela. 

Gainerakoan, ibilbidean bi kontrolgune jarriko dituzte, lehenbiziko bi anoa guneekin bat eginez. Aurrenekoa Basakabin, ibilbidearen 17,5. kilometroan eta hortik pasatzeko ordu muga 12:00etan ezarri dute. Bigarren kontrol puntua Uitziko gainean jarriko dute, 34,5. kilometroan. Kasu horretan, pasatzeko ordu muga 13:30ean izanen da. Anoa guneak, berriz, hiru izanen dira, aipatutako tokietan bi eta hirugarrena helmugan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun