A-15 errepidea bi noranzkoetan itxiko dute asteburuan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 26a, 08:00

Berastegiko lotunean moztuko dute errepidea eta Leitzaldeko herritarrek errepide zaharra erabili beharko dute Donostiarako noranzkoan joateko.

Gipuzkoako Foru Aldundia A-15 autobideko tunelak egokitzen ari da, eta Oindolar tunela, Iruñerako noranzkoan, eta Gorosmendi tunela, Donostiarako noranzkoan, sendotzeko obren bigarren fasearekin hasi behar dute. Bi tunelak hartzen dituen zatian by-passa jarri behar dute eta hori egin ahal izateko errepidea bi noranzkoetan itxi beharra dute. Irailaren 27ko 22:00etatik, irailaren 29ko arratsalde-gauera arte egonen da itxita errepidea. Donostiarako noranzkoan, Berastegiko lotunean itxiko dute errepidea eta Iruñera bidean, Andoainen, Sorabillako lotunean.

Leitzaldetik Donostiara doazenei, GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) joatea gomendatu diete eta Iruñera doazenek, Leitza eta Uitzi arteko errepidea (GI-2135) erabil dezakete. Ibilbide luzeko joan-etorrien kasuan, N-1 errepidea hartzea eta Altsasutik joatea gomendatu dute.

Tuneletako lanak egiten dituzten bitartean, zirkulazioa kontrako hodietara desbideratuko da. By-passa lanak bukatu arte egonen da jarrita, eta aurreikuspenen arabera, datorren urteko udaberrian izanen da hori. Gainera, 3 metroko zabalera edo 4,5 metroko altuera gainditzen duten ibilgailuek, ibilgailu bereziek eta salgai arriskutsuak garraiatzen dituztenek debekatuta izanen dute bertatik pasatzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun