Pediatra euskalduna izanen dute bihartik aurrera Leitzako Osasun Etxean

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 25a, 14:21

Leitzaldean pediatra orain taldea sortu zuten egoera salatzeko.

Leitzako Udalak sare sozialen bidez zabaldu du berria. Osasunbideatik jakinarazi diete, pediatra euskalduna izanen dutela irailaren 26tik aurrera eta, astelehenetik ostiralera, lanaldi osoan ariko da.

Erabaki honekin, hizkuntzaren auzia konpondu eta ematen duten pediatria zerbitzua hobetuko dute: zerbitzua astean bitan eta gazteleraz ematetik, egunero eta euskaraz ematera pasako baita.

Bederatzi hilabeteren ondoren, Leitzaldeko gurasoen eta udalen eskaerei,  erantzuna eman die Nafarroako Gobernuak. Ez da ahaztu behar,  urtarrilean pediatrarik gabe gelditu eta bost hilabetez, ez zutela ordezkorik bidali. Egoera salatu eta irtenbideak eskatzeko, Leitzaldean pediatra orain taldea sortu zuten orduan eta hainbat mobilizazio egin zituzten. Zartaginak eskuetan hartuta batzuetan, maskara zurien edo koloretako pankarten atzean, besteetan. Maiatzaren 16an berrezarri zuten zerbitzua, baina astean bi egunetara mugatuz. Gainera, bidalitako pediatrak ez zekien euskaraz. Orain, badirudi, behingoagatik Leitzaldeko pediatraren auziak baduela neurriko irtenbidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun