GoizuKar izena eman diote herrian eskaini nahi duten garraio zerbitzu berriari.. Baserritik herrira joan-etorriak egiteko aukera eskainiko dute eta horrela, baserrian bizi diren herritarren bizi baldintzak hobetzea da asmoa. Herritar boluntario talde batek eginen ditu gidari lanak eta baserritarrek herrira kotxez joan etorria egiteko aukera izanen dute oinarrizko eginbeharrak egiteko.
Zerbitzu hau aurrera ateratzeko ezinbestekoa izanen da gidari lan hauek egiteko prest dagoen herritar talde bat osatzea. Gidari lanetan aritzeko prest dauden herritarrek urriaren 3a baino lehen eman beharko dute izena udaletxera deituta.
Ibilbide osasungarriak egiteko aukera da taldeak egindako bigarren proposamena. Monitore batek gidatuta, hamabostean behin goiz batean elkartu eta elkarrekin ibilbide bat egitea da asmoa. Taldearen beharretara egokitutako ibilbideak izanen dira eta hamaiketako txiki batekin bukatuko da saioa.
Hauek biak ez dira adineko pertsonei zuzendutako jarduera bakarrak izanen. Izan ere, urtero bezela, gizarte zerbitzuek asteartetan, jubiloteka eskainiko dute eta udalak antolatuko ikastaroetan ere badago eskaintza zehatza. Gainera, aurten, kirol errezeta ere martxan jartzeko asmoa dute, giharrak indartzeko ariketak eginez.
Ekintza hauek urrian zehar jarriko dituzte martxan eta hasi aurretik informazio zehatza zabalduko dute.