Lehendabiziko erasoa Emagin Elkartearen arreta telefonoan jaso zuten, pestetan. Lañaidek talde feministak izan du gainerako hiru erasoen berri, eta pesta ondoren jakin dira. Erasoak kontuan hartuta, Erasoen Aurkako Mahaiko kideen ustez: «argi dago, ez direla festa seguruak izan denontzat».
«Jarrera hauek desagerrarazi eta pesta libreak lortu arte», lanean jarraitzeko beharra nabarmendu dute: «ez dugulako inolako erasorik onartzen ez babesten. Egiteko horretan bide luzea dugu oraindik». Horretan laguntzeko herritarren bitartekaritza ezinbestekoa dela diote: «herritar oro animatzen dugu eraso bat ikusi edota jasan baldin badu salatzera edota horren berri ematera». Horretarako hainbat bide daude: «batetik, udaleko berdintasun sailera jotzea; bestetik, Lañaidek Mugimendu Feministako kideengana joatea; eta hirugarrenik, udal taldeko berdintasun zinegotziarengana edota beste edozein zinegotzirengana joatea. Leitza herri segurua izatea denon ardura eta denon lana da».
Lañaidek eta gazte asanbladako kideen oharra
Lañaidek eta Gazte Asanbladako kideek ere idatzia kaleratu dute sare sozialetan: «hainbat eraso eman dira herrian, eta gurean ere bizitu dugu errealitate hau». Azaldu dute, eguneroko borroka dela Atekabeltz gaztetxea espazio seguru bat izatea denontzat: «zuzenki salatu den erasoa gure espazioan eman denez, guk babes osoa adierazi nahi diogu egoera garratz hau bizi behar izan duen pertsonari, baita herri mailan erasoak jasan dituztenei ere, ez zaudete bakarrik».
Erasotzailea identifikatuta dutela ere azaldu dute eta zuzenean ohartarazi: «ez zara gure espazioetan ongi etorria, zure jarrera matxiruloak gaitzesten ditugu eta adi egongo gara egiten duzunaren inguruan».
Gertaera hauetatik ikasi eta «hausnartu, jarrera aldatu, entzun, desikasi eta deseraiki» behar dela nabarmendu dute eta norbaitek aukeretako bat bera ere kontenplatzen ez badu, argi esan diote: «aurrean izango gaituzu».