Literatura kalera ateratzeko bideen bila hasi zen duela urtebete inguru laukote bat: «literaturaren bueltan txirrinta sortzea zen asmoa». Ez zuten nolanahi egin nahi, «kanpoko idazleen lanak hartu beharrean, herriko idazleei egin nahi genien tokia». Horretarako, zerbait argitaratu duten leitzarren zerrenda osatzea izan zen lehenbiziko lana: «Euskara Batzordean duela urte dezente zerrenda bat osatua zuten. Zerrenda hori eguneratu eta hogeita hamar bat egile bildu ditugu: guztiak noizbait euskaraz libururen bat publikatu dutenak».
Horri zabalkundea emateko, herriko komertzioengana jo zuten: «herritarrek idatzitako lanak beraien komertzioetan hilabete batez ikusgai jartzeko prest egonen ote ziren galdetu genien eta hirurogei komertziok baiezkoa eman ziguten».
Zerrenda eskuetan, idazle edo egile horiei egin zieten proposamena: «idazle izenak pisu handia izan dezakeelakoan egile deitzen diegu ekimenean parte hartzen dutenei. Hamar bat lerrotako lanak idazteko eskatu genien: genero, gai, neurri aldetik... libreak». Harrera bikaina izan zuen proposamenak: «hogeita zazpi egilek parte hartu zuten. Komertzianteen erantzuna ikusita, bakoitzari bi lan idazteko eskatu genien eta, tartean, badira bost lan aurkeztu zituztenak». Martxoan herriko komertzioetan egon ziren ikusgai eta hala, erosketak egin bitartean, herritar batek idatzi duen zerbait irakurtzeko modua izan zuten denek. Horrekin batera, errezitaldi bat ere antolatu zuten martxoaren 20an. Ordurako landutako guztia liburu batean biltzea izan da hurrengo pausoa.
Liburuan parte hartu duten egileak: Dabid Anaut Peña, Arturo Elosegi Irurtia, Miel Mari Elosegi Irurtia Luze, Juan Inazio Lizarraga Lazkano, Jabi Moreno Martinez, Alex Mugika Zabaleta, Garbiñe Sagastibeltza Lizarraga, Batiste Zabaleta Astaitz, Ima Zestau Baraibar, Bittorio Lizarraga Lazkano, Gotzone Sestorain Zabaleta, Iñaki Zabaleta Urkiola, Ione Gorostarzu Etxebeste, Itziar Olaizola Gorrotxategi, Joxemari Sestorain Zestau, Fernando Oiartzun Sagastibeltza, Bego Cestau Baraibar, Mikel Illarregi Elberdin, Aroa Uharte Zubillaga, Antton Olano Irurtia, Arantzazu Lizartza Saizar, Juana Irurtia Lizarraga, Urdiñola, Iñaki Perurena, Patziku Perurena eta Mikel Irurtia.