Topaketen 23. edizioa izanen da aurtengoa eta urtero bezala bost herrietako haur, guraso eta irakasleek elkar ezagutzea da asmoa eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutako harremanak lantzea. Nolabaiteko zubiak sortzea ere bai, denak Leitzako Institutuan elkartu aurretik.
Egun osoko festa
Irailaren 28an, 11:00etan hasiko dira topaketak, bisitariei ongietorria eginez. Topaketako kanta eta dantzaren ondotik, herrien arteko besarkada eginen dute. 11:30ean jolasak eginen dituzte eta, iaz aresoarrek egin bezala, festa gune bakarrera mugatu beharrean, herrian barna ibiliko dira jolasean. 14:00etan bazkaria izanen dute Pilota Plazan. Musikarik ere ezin zen falta eta 16:00etan Irumaita txaranga aterako da kalera. Herri txikietan, ikasi eta bizi! lemapean kalejira eginen dute. Gero, jokoak antolatu dituzte eta indarrak berreskuratzeko arratsaldekoa eginen dute 18:00 aldera. Herriko trikitilariek jotako piezekin dantzan bukatuko dute eguna.
Garraio zerbitzua
Aresotik eta Leitzatik joateko autobusa jarriko du gizarte zerbitzuak. Aresoko Plaza zaharretik 10:00etan aterako dira eta Leitzan 10:15ean izanen da autobusa. Itzulera, berriz, 19:00etan Goizuetako plazatik. Kotxez joatea erabakitzen dutenei, berriz, kotxea partekatzeko eskaera egin diete.