'Herri libre bat’ elkartzeko deia irailaren 21ean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 17a, 19:00

Euskal Herria Mendi Erronka izanen da omenduko duten taldeetako bat.

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, Gure eskuk eta Gu ere bai! ekimenak, Leitzako Udalaren eta Tximutxe Euskara Elkartearen laguntzarekin antolatu dute hitzordua. Hizkuntza, kirola eta lurraldetasuna oinarri hartuta, Herri libre bat. Euskaraz, kirolean, plazan! aritzeko aldarrikapena egin dute.

Bakoitzak bere eremutik, baina denek bat egiten dute helburuarekin: «Euskal Herri euskalduna, librea, kirolaria, osasuntsua eta berdinzalea izatea». Hori lortzeko diote ezinbestekoa dela: «herri libre bat izatea, gure koloreak nazioarteko zein bertako kirol ikuskizun eta lehiaketetan erabiltzeko eskubidea izatea, nazioarteko onarpena lortzea eta ofizialtasuna lortzea». Aldarrikapen horiek guztiak eramanen dituzte irailaren 21ean plazara.

Ekitaldiak 11:00etan hasiko dira, Gure Eskuk antolatu duen mahainguruarekin. Eguerdian, 12:00etatik aurrera, Leitzako kirolariek karate, gimnasia artistiko, herri kirol eta txintxurrin erakustaldiak eskainiko dituzte. Omenaldietarako tartea ere izanen da eta Euskal Herria Mendi Erronkak, Union Tutera kirol taldeak eta Xabier Amurizak jasoko dute aitortza. Omenaldiak bukatutakoan trikipoteoa eginen dute eta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, pilota partiduak antolatu dituzte. Pilota jaialdiarekin hasteko, Ados pilota elkarteko emakumeen partidua izanen da: Iturriagak eta R.L. Mugikak, Barrokal eta Agirre izanen dituzte aurkari. Segidan, Aurrera pilota elkarteko gizonezkoen txanda izanen da: Bidart eta Ugartemendia, Baleztena eta Alkortaren aurka ariko dira.

Omenduak

Leitzako ordezkari gisa Euskal Herria Mendi Erronkak jasoko du omenaldia. Union Tutera taldeak, berriz, kirolaren bidez Erriberan euskara hauspotzeko egiten duen lanagatik jasoko du omenaldia. Xabier Amuriza bertsolaria izanen da hirugarren omendua. Euskalgintzan eta naziogintzan egin duen ekarpena aitortuz. Berak dio,  esaterako, «bertsoa, hitzaren kirola» dela.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun