Artea baliatu dute Leitzan Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 12a, 18:00

Palestinaren aurkarko genozidioa salatzeko, artea baliatzen ari dira Leitzan. Irailaren 7an performance bat egin zuten plazan, Israelek eraildako palestinarrak irudikatuz.  Udaletxean irailaren 22ra arte ikusgai egonen den Stop Genozidioari! erakusketaren atarikoa izan zen. Argazkiak: Pablo Feo eta Gaizka Leitza.

Oihal zurietan bilduta, lurrean botata, hilotzak irudikatuz. Argazki ikusgarri bezain gogorra utzi zuen larunbatean Leitzan egindako performanceak. Liher Fernandezek bideo honetan bildu zuen bertan sortutakoa. 

Azken Mugaren baitan, Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteak eta Leitzako herriak elkarlanean egindako ekimenak, segida izanen du datozen asteetan, udaletxean jarritako erakusketarekin. Gazan gertatzen ari den basakeriaren aurrean zerbait egin behar zutela pentsatu zuten Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteko kideek. Artistak genozidioaren aurka elkartu eta azkenean, Euskal Herri osoko hirurogei bat artisten lanekin osatu dute Stop Genozidioari! erakusketa. Udaletxean egonen da ikusgai irailaren 22ra arte. Egunero izanen da bisitatzeko aukera, astelehenetan izan ezik.

  • Astearte, asteazken, ostegun eta ostiraletan: 18:30etik 20:30era.
  • Larunbatetan: 11:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. 
  • Igandetan: 11:30etik 14:00etara.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun