Goizuetako noka ikastaroan izena emateko epea bihar bukatuko da

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 12a, 14:30

Mingaina astinduz, Goizuetako nokari bultzada ematea da asmoa: «hitz eginez ikastea». Denera, zazpi saio antolatu dituzte eta irailaren 19an hasi eta abenduaren 12ra arte, ostegunero bilduko dira. Ordu eta erdiko saioak izanen dira eta udaletxeko ganbaran, 18:30etik 20:00etara elkartuko dira.

Ekimena ez da hutsetik sortu. Goizuetako noka berreskuratzeko, Oihana Lujanbio herritarra lantzen ari den ikerketa proiektuaren parte da. Lujanbiok azaldu ditu ekimenaren nondik norakoak: «noka praktikatzeko saioak izanen dira, abiapuntu teoriko batzuk landuta, baina praktikara bideratuta». Parte hartzeko aurretik noka jakitea ez dela beharrezkoa argitu du: «noka ikasteko, hitz egiteko eta hausnartzeko gogoa izatea behar da bakarrik. Bereziki emakumeak ditut nik burutan, beraiekin egin nahi dut lanketa, baina gizonezkoak etortzen badira ere ongietorriak izanen dira. Beraiek noka aritzea ere behar dugulako, guk noka aritu ahal izateko. Ikastaroa noka lantzekoa izanen da, ordea, ez toka». 

Praktikaz gain, hausnarketarako bidea ere ireki nahi dute: «zergatik galdu da emakumeena? zer gertatu da horretarako?» galderei erantzuten saiatuko dira feminismotik. 

Izen ematea irailaren 13ra arte

Parte hartu nahi dutenek irailaren 13a baino lehenago eman beharko dute izena Euskara Zerbitzuan: 948 51 08 14 telefonora deitu edo laga@iparmank.eus-era edo 660 99 08 36 telefonora mezu bat idatzita.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun