'Plaza hau gurea da' antzezlana ikusteko aukera ostiralean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 11a, 17:00

Argazkia: EKIDA arte ekimen sozialista.

Irailaren 13an, ostiralean, Leitzara iritsiko da Plaza hau gurea da antzezlana. Emanaldia 19:00etan hasiko da herriko plazan eta eguraldi txarra eginez gero karrapean eginen dute.  EKIDA arte ekimen sozialistak ekoitzitako bigarren obra da.

Hiru gazte langabe dira antzezlaneko protagonistak. Haien plazan eseri dira, egunero bezala, debora nola edo hala pasatzera, baina laster jabetuko dela plaza hori ez dela uste zuten bezain haiena. Baina norena da? Nola izan daiteke haiena?

Zein da bertan nahi dutena egiteko jarraitu beharreko bidea? Haien asmoak lortzeko bidean, baina, gizarte honetako hainbat figurarekin egingo dute topo, eskatzen ari direna eskatzeak zentzurik ez duela konturatzeke, ezinezkoa dela konturatzeke. Hiru aktore, egurrezko lau kaxa, umorea, musika eta galderak ditu osagai Plaza hau gurea da antzezlanak. Zeren metafora dira hiru gazte langabe? Zeren metafora da plaza bat? Bizitzea egokitu zaigun garaiari buruzko galderak plazaratu nahi ditu antzezlanak, baina ez galderak egite hutsagatik, baizik eta galdera horiei erantzunak bilatzeko asmoz.

Testutik hasi eta argiteriaraino, modu kolektiboan eta lan militante eta konprometituari esker sortutako obra da hau, EKIDAren gainerako ekoizpenen moduan. Izan ere, arte sozialistaren garapenerako baliabideak antolatzea du helburu EKIDA arte ekimenak, diziplina ugaritan eta ekoizpenari dagozkion aspektu guztietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun