Anarik kontzertua eskainiko du irailaren 8an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko ira. 5a, 14:00

Anarik bere azken diska, 'Giza zarata' aurkeztuko du Leitzako emanaldian.

Anariren musikaz gozatzeko aukera izanen dute irailaren 8an, igandean 20:00etan hasita Leitzako plazan. Giza zarata izeneko lana aurkeztuko du, bere musika ibilbideko zazpigarrena. Kultur 2024 programaren baitan antolatu dute kontzertua eta sarrera dohainik izanen da.

Anari

Anari Alberdi (Azkoitia, 1970) euskal musikaren ahots pertsonaleneteko bat da, 1996an bere lehen diskoa, Anari, argitara eman zuenetik. Orduz geroztik, Habiak, Zebra, Irla izan, Zure aurrekari penalak, Epilogo bat eta Leitzan aurkeztuko duen Giza Zarata argitaratu ditu. Azken hau 2024 urte hasieran grabatu zuen, Kadizko Puerto Santa Mariako Paco Loco estudioan eta Joaquin Pascualekin batera moldatu eta produzitu zuen.

Euskal Herriko ahots nagusienetako bat ez ezik, bere hitzen balio poetiko eta literarioagatik euskal literaturaren panoraman ere leku berezia ematen diote Anariri. Berriki bere lehen bi liburuak argitara eman ditu: Gari eta goroldiozko eleberria (Susa, 2022) eta Demoliciones controladas (Pepitas, 2023), bere kantuen hitzen itzulpena.

Anariren ahots eta gitarrarekin batera, Xabier Olazabal (baxua), Ander Mujika (gitarra elektrikoa eta ahotsa), Mariano Hurtado (teklatuak), Xabi Etcheberry (gitarra, teklatuak eta ahotsa) eta Mikel Txopeitia (bateria) izanen dira Leitzako plazako oholtzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun