56. Artzain Eguna ospatuko dute abuztuaren 25ean Uharte Arakilen

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 22a, 18:00

Uharte-Arakilgo Artzain zakur lehiaketa OƱatiko Nazioarteko Txapelketarako zein Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko baliagarria izanen da.

Urtero bezala, abuztuko azken igandean Artzain Eguna ospatuko dute Uharte Arakilen. Aurtengoa 56. edizioa izanen da. Artzainak omentzea, beraiek sortutako produktuak bultzatzea eta beraien lanaren garrantzia aldarrikatzea dira festaren helburua, eta beraz, haiek izanen dira eguneko protagonista nagusiak.

Aurtengoan artzain berriak izanen dira protagonistak, beraiek izanen baitira egun berezi honetan omenduak. Nafarroan 20 artzain izan dira 2020. urtetik aitzinera artzain lanetan hasitakoak. Beraiek dira sektorearen etorkizuna eta omenaldi honekin, «artzaintza alternatiba bezala proiektatu nahi dugu gure herrien bizi iraupenerako. Beraz, artzain berriak egun honetara gonbidatzeaz gain omenaldi xume bat eginen diete

Santos Goñi albaitaria eta Atxen Jimenez sukaldaria ere omenduko dituzte

Omenaldi honetaz aparte bertze bi omenaldi eginen ditugu, urtetan zehar Sakana aldean albaitari lanetan aritu den Santos Goñi Larraya albaitariari egindako lana aitortzeko helburuarekin eta Atxen Jimenez Eskirozi (In Memorian) Tafallako Tubal Jatetxeren burua izandakoari, Artzain Egunean epaile lanetan aritu izanagatik.

 

Egitaraua

  • 10:00etan irekiera ekitaldia eta epaimahaiaren osaketa.
  • 10:30etik 14:30era Nafarroako ardi latxen esne gordinarekin egindako XLIII. Gazta lehiaketa. Gazta Feria. Artisautza feria.
  • 11:00etatik 14:00etara artzain zakurren XXX. Erakusketa.
  • 11:00etatik 13:00etara XXXV. Ardi-moztaileen txapelketa.
  • 11:30ean artaldea herritik pasatzea.
  • 11:45ean ardiki dastaketa. Gazta freskoaren dastaketa.
  • 13:00etan omenaldia.
  • 13:30ean lehiaketaren sari banaketa. Gazta irabazlearen enkantea.
  • 14:30ean herri bazkaria.
  • 17:00etan Nafarroako LVI. Artzain zakur txapelketa, Oñatiko Nazioarteko Txapelketarako zein Euskal Herriko txapelketara sailkatzeko baliagarria.

 

Jasangarriagoa eta irisgarriagoa

Aurtengo Artzain Egunak joan zen urtean hasitako bidetik jarraitu nahi du, jaia jasangarriagoa eta irisgarriagoa eginez, horretarako pausu berriak emanez. Artzaina eta artzaintza ardatz izango dituen jai honek jasangarria izan behar du halabeharrez, lurrarekiko oreka bilatuz, kilometro zeroko produktuak bultzatuz, ekonomia zirkularra babestuz edota zaborrak murriztu eta birziklatuz. Pertsona guztiek jai honetaz goxatu dezaten eta denontzako jaia izan dadin bermatu nahi dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun