Abuztuaren 14ko arratsaldean, haurrentzako jolasak eta merienda izan ziren festaren atariko. 18:30ean bota zuen Antonio Alustiza herritarrak txupinazoa eta bere artzain ibilbidea goraipatu eta omenaldia eskaini zioten herritarrek. Musikaren txanda izan zen gero eta herrian harrobia badela argi geratu zen. Haur eta gaztetxoek emanaldi dotorea eskaini zuten. Mahaiaren bueltan 150 lagun baino gehiago bildu ziren gero, guraso elkarteko kideek prestatutako afarian. Bingoarekin eman zioten bukaera lehenbiziko egunari.
Abuztuaren 15ean, pestetako egun handia izan zuten eta txistu doinuekin esnatu zuten herria. Meza, hamaiketakoa eta Plazaz plaza pilota txapelketako partidak izan zituzten goizean. Arratsaldean, dantza saio ederra eskaini zuten herriko haur eta gaztetxoek eta Oinkari dantza taldeko dantzariek. Mariatxi doinuak izan ziren gero eta eguna borobiltzeko afaria karpan.
Gaur haur eta gaztetxoak izango dira eguneko protagonistak. Hemen duzue egitaraua:
- Abuztuak 16, ostirala
09:30ean diana trikitilariekin. 11:00etan puzgarriak eta jokoak izango dituzte plazan. Bainujantzia eramateko aholkatu dute. 11:00etan plater tiroketa Elusederren. 17:00etan haur eta gaztetxoen krosa izango da. 17:30ean mus txapelketa jokatuko dute udaletxean. (Bikoteko kideetako batek Aresokoa izan beharko du). 18:30ean patata tortilla lehiaketa jokatuko dute karpan. 19:00etan Mikeltxi DJak ume eta gaztetxoentzat emanaldia eskainiko du. 21:00etan patata tortilla afaria egingo dute karpan eta afalondoan sorpresa izango da. 23:30ean Mikeltxi DJaren emanaldia izango da.