Bestak 2024

Areson ere hasi dute pestetarako atzerako kontaketa

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 13a, 07:00

Kuadrillen eguna abuztuaren 17an ospatuko dute eta kolorez beteko da beste behin ere herria.

Abuztuaren 14an, Antonio Alustiza artzainak botako du Aresoko festei hasiera emango dien txupinazoa. Zapi urdinak lepoan lotuko dituzte orduan aresoarrek eta festa giroan ibiliko dira bost egunez. Urteroko osagaiak ez dira faltako: afariak eta bazkariak, dantza saioak, pilota partiduak, herri kirolak, bertsoak, haurrentzako ur jolas eta puzgarriak... mariatxi doinuak ere entzungo dira plazan aspaldiko partez eta urtetan egin bezala, Joselu Anaiak taldearen doinuekin borobilduko dituzte festak. 

Abuztuak 14, asteazkena

Arratsaldean umeentzako merienda eta jolasak antolatu ditu guraso elkarteak. 18:30ean Antonio Alustizak botako du festei hasiera emateko txupinazoa. 19:30ean Aresoko umeek kontzertua eskainiko dute. 21:00etan Guraso elkarteko afaria izango da karpan.

Abuztuak 15, osteguna

09:30ean diana txistulariekin. 11:00etan Meza herriko dantzariek lagunduta. Ondoren, hamaiketakoa izango da herritar guztietzat karpan. 13:00etan Adosek antolatutako IV. Plazaz plaza txapelketako pilota partidua jokatuko dute Aranburuk eta Agirrek, R.Infante eta R. L. Mujikaren kontra. 18:00etan Aresoko dantzarien emanaldia izango da. Ondoren, Los Cazahuates mariatxi taldea. 21:30ean afari autogestionatua antolatu dute karpan. (Udalak mahaiak, edariak eta kafea jarriko ditu).

Abuztuak 16, ostirala

09:30ean diana trikitilariekin. 11:00etan puzgarriak eta jokoak izango dituzte plazan. Bainujantzia eramateko aholkatu dute. 11:00etan plater tiroketa Elusederren. 17:00etan haur eta gaztetxoen krosa izango da. 17:30ean mus txapelketa jokatuko dute udaletxean. (Bikoteko kideetako batek Aresokoa izan beharko du). 18:30ean patata tortilla lehiaketa jokatuko dute karpan. 19:00etan Mikeltxi DJak ume eta gaztetxoentzat emanaldia eskainiko du. 21:00etan patata tortilla afaria egingo dute karpan eta afalondoan sorpresa izango da. 23:30ean Mikeltxi DJaren emanaldia izango da.

Abuztuak 17, larunbata

09:00etan diana txistulariekin. 11:00etan kuadrilla bakoitzeko bi kidek karpara joan beharko dute bazkarirako mahaiak eta edariak prestatzera. 12:00etan kuadrillen kalejira egingo dute herrian barna Joselontxos txarangarekin. 15:00etan kuadrillen arteko bazkaria izango da karpan. Ondoren, Aresoko ingurutxoa plazan. Gero, Trikiteens taldearen emanaldia. 21:00etan bokata jana eta 23:30ean Trikiteens.

 

Abuztuak 18, igandea

09:30ean diana trikitilariekin. 13:00etan herri-kirol saioa plazan. Aizkoran Larrañaga eta Pellejero, Txikia eta Rekondoren aurka ariko dira eta Ainitze Zumeta harri jasotzen. 14:30ean herri bazkaria izango da Sarayola cateringaren eskutik. Bazkalondoa Joanes Illarregi eta Aitor Sarriegi bertsolariek alaituko dute. 17:30ean haurren pilota partida izango da eta Hodei eta Lander ariko dira aurrez aurre. 18:00etan helduen pilota partida hasiko da: Olano eta Lazkoz, Olazabal eta Azanzaren kontra ariko dira. 19:00etan Jon, Jaione eta seme-alaben emanaldia izango da. Ondoren, sari-banaketa. 21:00etan sagardo dastaketa izango da. 23:30ean Joselu Anaiak taldearen kontzertua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun