Familia musikariak

«Musika martxan izaten da askotan gure inguruan eta haurrek nahi gabe hartu dute zaletasuna»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 11a, 09:00

Zutik Jon gitarrarekin eta jaione akordeoiarekin; behean, ezkerretik hasita, Arhane, Intzara, Nahikari eta Aratz. Argazkiak: Amaia Iparragirre.

«Modu naturalean eta gehiegi pentsatu gabe» bildu dira musikaren inguruan Aresoko Gurrutxaga-Olazabal familian, etxean «betidanik» edan duten zaletasunari tiraka.

Jaione Olazabalen kasuan, «gurasoak eta aitona-amonak, batez ere aitona, oso zaleak izan dira eta jarraipen eta laguntza handia eman izan didate. Jonek [Gurrutxaga] ere txikitatik zaletasun handia izan du. Musika gure bizitzako une garrantzitsu guztietako parte izan da eta egunerokoan ere oso presente egon da beti».

Gaur egun, sei dira etxean, Jaione, Jon, eta haien lau seme-alabak, eta agerikoa da zaletasunak belaunaldi batetik bestera izan duen segida. Jaionek eskusoinua jotzen du. Haurra zela hasi zen Leitzako Aralar musika eskolan ikasten, eta «batean eta bestean jotzen» aritu da geroztik. Bai akordeoiarekin, baita gabe ere, kantari, taldeetan eta bakarka, eta askotan erakutsi du horretarako dohain berezia duela. Onartu duenez, «batez ere abestea dut gustuko».

Jon bikotekideak ere egina du bere bidea musikaren munduan, zehazki, trikitixa eta gitarra eskuetan: lehenbizi Iñaki Garmendia Laja trikitilari ezagunarekin hasi zen trikitixa ikasten, eta «urte batzuez» utzita eduki ondotik, Juan Ramon Azpitarte Imuntzo trikitilariaren arrimuan berrartu zuen. Gitarra Azpeitiko musika eskolan ikasi zuen. 

«Oso ahots ezberdinak dituzte, baina elkarrekin ongi uztartzen dira»

Aratz (14 urte), Intzara (12 urte), Arhane (9 urte) eta Nahikari (7 urte) Jaioneren eta Jonen seme-alabak dira. «Instrumentuaren aukeraketa haurren esku utzi» izan dutela argitu dute gurasoek, eta diotenez, «oso argi izan du bakoitzak». Hala, Aratzek bateria, Intzarak trikitixa eta panderoa eta Arhanek gitarra eta panderoa aukeratu dituzte eta hirurak Leitzako Aralar musika eskolan dabiltza. Etxeko ttikiena da momentuz musika ikasketekin hasi ez dena, baina ez da urruti izaten saioetan. «Emanaldietan batez ere abestu egiten dute, oso ahots ezberdinak dituzte, baina elkarrekin ongi uztartzen direla esango genuke».

Haurrekin batera

Jon eta biak «elkarrekin hasi» direnetik dabiltza «batean eta bestean jotzen eta kantari», zehaztu dutenez, «batez ere formatu txikian, herri txikietan, ezkontzetan eta bestelako ospakizunetan». Bidean haurrak bildu dira taldera: «Haurrak jaio ahala, gurekin batera eraman eta emanaldien parte izaten joan dira, batzuetan aurretik entseatuta eta besteetan beraien gisa, etxean bezala, boteprontoan parte hartuz».

Batez ere «euskal kantu zaharrak» jotzen dituzte, eta «berriago batzuk eta guk sortutako batzuk sartuz» osatzen dute emanaldia. Gaineratu dutenez, «haurrak hazten ari diren heinean geroz eta musika anitzagoa entzuten da etxean».

«Diskoa xumea da eta espero genuena baino harrera hobea izan du»

Kontua da, oholtzaz oholtza dabiltzala azken aldian, euren doinu ederrekin hango eta hemengo belarriak goxatuz. Joan den urte bukaeran, seiak elkarrekin argitaratu zuten Zuri kantari diskoak eman die horretarako bidea eta «pozik» daude: «Hamaika kantuz osatutako CDa grabatu genuen guretzako gordetzeko eta ingurukoei banatzeko asmoz, baina pixkanaka zabalduz joan zen eta inguruko herri batzuetatik emanaldiak egiteko eskatuz deitzen hasi ziren». Ustekabean harrapatu ditu erantzunak: «Diskoa xumea da eta espero genuena baino harrera hobea izan du. Egia esan, esperientzia oso polita izaten ari da, oso gustura gaude». Diskoa kaleratuz, ametsa egia bihurtu ote zaien galdetuta, berriz, «galdera potoloa» dela diote; «ez dakigu zer esan». Hortik haratago joan dira: «Familia osatu eta gu eta ingurukoak egunerokoan ongi egotea da batez ere gure ametsa eta momentuz ezin kexatu».

«Ez dago sekreturik»

«Batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago». Halaxe aritzen omen dira egunerokoan musikarekin: «Askotan aritzen gara soinua jotzen, dantzan edo kantari. Bat hastea nahikoa izaten da gainerakoak hurbiltzeko eta batzuetan erotzeko moduko zarata izaten dugu... Eskerrak ez dugun goian edo behean auzokiderik!», onartu dute irri artean. Etxeko entseguez aparte, kotxea dute kanturako txokoa: «Kotxean musika jarrita joaten gara toki guztietara eta kantari joateko ohitura handia izan dugu. Hor sortu ohi dira ideia berriak eta hor aritzen dira haurrak abestiei ahotsak ateratzen».

«Jendeak uste izaten du buru-belarri entseatzen aritzen garela etxean, baina hori baino gehiago, modu naturalean sortzen denarekin aritzen gara»

Beraienean musikak duen segidaren harira, berriz, «ez dagoela sekreturik», aipatu dute: «Jendeak uste izaten du buru-belarri entseatzen aritzen garela etxean, baina hori baino gehiago, modu naturalean sortzen denarekin aritzen gara; gogoz gaudenean bai, eta bestelako kontuetan murgilduta gaudenean gutxiago. Besterik gabe, musika martxan izaten da askotan gure inguruan eta haurrek nahi gabe hartu dute zaletasuna». Horrekin batera, «kantu zaharren otordu eta emanaldi askotan izan gara eta haurrak beti eraman izan ditugu, saltsa horretan hazi dira eta horrek asko lagundu du».

Elkarrekin ari direnean, «une askotan hunkitzen» direla ere onartu dute gurasoek: «Batez ere haurren ahotsak beti izan du hunkiarazten duen zerbait eta guretzat, batera kantatzea gauza ederra da».

Badituzte bihotzean iltzatutako momentuak ere: «Aitona-amonak hor izaten dira kontzertu guztietan, ez dute bat ere galtzen. Haiek pozik eta gustura begira ikusteak ez du preziorik, hori da poz handiena ematen diguna!». Eta gehiago ere bai. Haurrek «momentu berezi bat baino gehiago» izan omen dituzte emanaldietan: «Jendeak 'beste bat' oihukatzean,  autografoak eskatzean...».

«Haurrak hazten ari dira eta bakoitzak bere bidea hartuko du, baina bizitakoa hor geldituko zaie»

Dena den, «oreka bilatu nahian» ari direla aitortu dute: «haurrek bestelako afizioak ere badituztelako eta musikarekin guztiz nazkatzerik ez dugulako nahi, gehiegi gabe, neurria hartuz…». Eta etorkizunera begira, «modu batera edo bestera musikak gurean lekua» izango duelakoan daude, baina emanaldien kontua «bolada baterako» izango dela iruditzen zaie: «Haurrak hazten ari dira, badituzte beste afizioak, bakoitzak bere bidea hartuko du eta ez da erraza izango talde moduan luzaroan jarraitzea. Baina bizitakoa hor geldituko zaie».

Bidean lagundu dietenei eskertzeko ere probestu dute eta halaxe bidali diete eskertza «Anjel Mariezkurrena lagunari hainbeste laguntzeagatik, Amaia Iparragirre gure argazkilari lagunari, David Garcia Puro Relajo taldeko lagunari diskoarekin hainbeste laguntzeagatik, eta etxekoei eta ingurukoei. Eskerrik asko!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun