Leitzako pesten barrenean, Gazte Eguna abuztuaren 14an izanen dute. Azken urteotan, Gazte Eguneko ekimenak aurrera ateratzeko «trabak» izan dituztela esanez, oharra kaleratu dute Leitzan, eta traba horien artean, «diru kontuak» aipatu dituzte. «Diru irabazi asmorik gabeko ekimena da Gazte Eguna, baina kapitalismoak basatiki jokatzen duen garai hauetan, pixkanaka-pixkanaka prezioek gora egiten duten bezala, gure eguneko gastuak ere gora doaz».
Hala, eguneko txartelak azken urteotan «asko garestitu» direla gogoratu dute, eta horregatik, herriari laguntza eskatzea erabaki dute: «Laguntza txiki batekin, denok egunaz gozatzeko baliabideak lortzea dugu helburu». Diru bilketa larunbatera arte, abuztuaren 10era arte, eginen dute. Bitarte horretan, eltzeitsu batzuk paratu dituzte herriko tabernatan, nahi duenak bere ekarpena egin dezan.