Sehaskatik ikasia
Zer ikusi, hura ikasi dio esaera zaharrak eta Felizianaren kasuan ere halaxe izan zen: «gurasoek erakutsi zizkidaten baserriko lanak. Txikitatik hasi nintzen animaliak zaintzen. Azpiak atera, jana eta ura eman, belatsoetara atera eta gero bueltan ekarri..., jezten ere oso txikitatik hasi nintzen, bai ardiak baita behiak ere. Lurra lantzeko ere behiak erabiltzen ziren, norbait behar izaten zen behien aurrean eta hortan ere ibiltzen nintzen». Hogeita bi urterekin, auzo berekoa zen Migel Zabaletarekin ezkondu zen: «Migelen jaiotetxea zen Aurtxikenea baserrira ezkondu ginen. Bertan bederatzi urte egin genituen, Gorriztaran auzoko Bordaberrira joan ginen arte eta geroztik bertan bizi izan gara». Baserria izan du beti ogibide eta oraindik ere baserri munduko lan guztiak gustuko dituela dio: «bai animali zaintza, bai baratzako lanak, belar lanak...». Horren seinale da urtetan aurrera eginagatik, oraindik ere lanean segitzea: «orain ez daukagu azienda handirik, baina oraindik baratzean eta oilo zaintzan aritzen naiz».
Bere egitekoen parte izan da, seme-alabak hazi eta heztea ere: «17 seme-alaba izan ditut, 33 biloba eta 28 birbiloba dauzkat. Amaginarreba etxean neukan, eta hark ere lan asko egiten zuen».
Orain biloben bizimodua ikustean, gauzak asko aldatu direla dio: «gazteek baserritik bizitza ateratzeko zailagoa dute eta beste lantokietara jo behar izaten dute. Alde batetik, pena ematen dit, baina, bestetik beraien bizitza aurrera ateratzen ari direla ikusteak ere pozten nau».
Herriko festetan ere nabari du aldea. Txikitako oroitzapenak ekarri ditu gogora: «herrira gutxi ateratzen ginen, baina ilusioa izaten genuen, soineko berriak, izeba batek josiak, orduan estreinatzen genituen-eta». Koskortu ahala, aldatu ziren gauzak: «lan gehiagorekin ibiltzen ginen, pestaleak zirela-eta». Baserria prestatu behar izaten zen pesta aurrean: «pareta zuriketan, zoruari brilloa atera, lehendabizi alanbrea pasa, gero argizaria eman eta zepilloarekin brilloa atera, koltxoiak artilez beteak izaten ziren eta astindu behar izaten ziren eta etxe ingurua txukundu». Pestarako aukera askorik ez zutela izaten aitortu du: «akaso, pesta hirugarrenean edo, arratsaldean bueltaren bat». Gauregun,«ahal den hobekien pasatzen eta pasatuarazten saiatzen naiz». Aurtengo txupinazoa ez daki nondik ikusiko duen, baina pizten den metxak Felizianaren zatitxo bat izanen du. Askotan isildutako hitzak ere bai: «oso paper garrantzitsua izan du beti emakumeak. Baserria eusteko habe garrantzitsua izan da. Ez zait iruiditzen behar den bezela errekonozituta dagoenik, baserria aurrera aterarazteko ardura izanda ere, beti bigarren planoan egon gara». Ea suziria lehertzean luzaroan aditzen den bere hitzen oihartzuna.