Irribarre bat ezpainetan eta solaserako patxada hartzen duten horietako da Xabier eta horregatik, bere izaera definitzerakoan, barre artean aitortu du: «askotan esan didate plaza gizona naizela eta agian arrazoi izanen dute». Horretan zeresana izan du bere lanbideak: «hemezortzi urte bete nituenetik herriko enpresa batean aritu naiz jende aurrean lanean. Hainbeste ordu jende artean pasatzeak baditu bere alde onak eta txarrak, baina arlo pertsonalean oso aberasgarria da». Txikitan oso lotsatia omen zen, «hitz egiten ere ez nintzen ausartzen, baina denborarekin ikasi du bere burua irekitzen: «horrelako lanpostu batean mota guztietako pertsonekin tratatzea tokatzen zaizu, jende asko ezagutzen duzu eta harreman politak sortzen dira». Gaur egun, «herriko pertsonekin harremantzea edota jende berria ezagutzea asko gustatzen zait, eta edozeinekin edozertaz hitz egiten asko disfrutatzen dut».
Kontatu digunez, denbora librean letren mundua ez du izaten aparte: «txikitatik natura asko gustatu izan zaidan arren, institutu garaian letren munduan murgildu nintzen. Egunero tartetxo bat bilatzen dut irakurtzeko eta antropologia, politika, historia... horrelako gaiak gustatzen zaizkit». Gustatu eta probatu ere bai: «hamasei urterekin sartu nintzen Nafarroako Gazte Parlamentuan. Hiru legealdi egin nituen eta azkeneko legealdian mahaiko lehendakari bezala aritu nintzen». Aitortu du: «betidanik gustatu zait saltsa».
Dena den, afizioen inguruan galdetutakoan bada beste guztien artetik nabarmentzen duen bat: «betidanik gustatu izan zaizkit aziendak, seguraski gure amona zenari esker. Hamabi bat urterekin hasi nintzen Euskal Oiloa arrazarekin, elkartean sartu nintzen eta monografikoetan lehiatzen hasi nintzen. Hamasei urterekin erosi nuen nire aurreneko behorra, beranduago behi batzuk ere erosi nituen, eta geroztik azienden mundua da nire pasiorik haundiena».
Baserria
Baserria eta politika, biak uztartzeko aukera izan du Leitzako Udalean. Azaldu du baserrian auzolanaren garrantzia erakutsi diotela betidanik, eta hala eman zuen azkeneko udal hauteskundeetan zinegotzi izateko pausoa: «zinegotzi etapa hau auzolan bezala bizitzen ari naiz». Mikel Zabaletaren telefono dei batekin hasi zen guztia: «Mikelek deitu zidantelefonoz,nireurtebetetzeegunean gainera, gauza bat komentatu nahi zidala eta kafe bat hartzeko gelditu ginen. Deia arraro xamarra egin zitzaidan, baina banekien beste herrietan zerrendak osatzen hasiak zirela, eta berehala ohartu nintzen proposatuko zidanaz. Gehiegi pentsatu gabe baiezkoa esan nuen».
Ingurumena, EBK, lehenbiziko sektorea eta elikadura burujabetza eta gazteak dira bere gain hartu ditue ardurak. Udal taldeari zer eskaintzen dion galdetuta, bere kasua berezi xamarra dela aipatu du: «aita Iruñekoa dugu eta ama leitzarra, eta gu Iruñean sortu ginen. Astez Iruñean eta asteburuetan beti Leitzara etortzen ginen, baina aukera izan nuenean hiria utzi eta herrira bizitzera etortzeko hautua egin nuen. Nolabait esateko, bi munduak ezagutzen ditut, hiriko bizimodua eta baserrikoa, eta horri esker gauza desberdinak aportatu ditzazkedala uste dut». Hala, udal taldea zentzu guztietan oso anitza dela uste du: «badira betiko leitzarrak direnak, baina beste asko ni bezala kanpotik etorritako leitzarrak dira. Udal taldea osatzen dugun bakoitzak gure ibilbide eta bizipen desberdinak dauzkagu, hori partekatzea eta batzea benetan ederra da».
Gazteen kezkak
Bere adineko gazte baten kezkak zeintzuk diren ere jakin nahi izan dugu: «nire ustez etxebizitzaren arazoa da egungo gazteoi gehien kezkatzen gaituen gaia». Badira beste gai garrantzitsu asko ere: «gazteon osasun mentalaren inguruan asko dago egiteko, berdintasunaren inguruan ere atzerapauso erraldoiak ematen ari dira. Substantzia legal eta ez legalen kontsumoen inguruan ere arazo ugari sortzen ari dira. Familia eta kuadrilla askotan oso gaizki pasatzen ari dira errealitate honen ondorioz». Badago zer egina: «errealitatea hor dago eta gizarte mailan benetako hausnarketa bat egitea falta dela uste dut».
Herriko pestak iristen direnean, kezka horiek bigarren maila batean utzi eta «ongi pasatzea izanen da lehentasuna». Hori bai, ez du alde batera uzterik izanen zinegotzia izateak dakarren ardura: «udalean sartu nintzenetik pestak beste modu batera bizitzen ditut. Pesta egun bakoitzeko bi zinegotzi jartzen gara arduradun eta lan egitea tokatzen da». Zezenketetan ere hor izaten da «eta hortaz aparte beste konpromiso batzuk ere izaten dira. Etxean aziendekin ere lan egitea tokatzen da, baina hala ere ongi pasatzeko denbora sobera izaten dut».
Argi du pesta giroan modu berezian neurtzen direla orduak eta azaldu digu horretarako sekretua: «edozein herritako pestetan erlojurik gabe ibiltzea da hoberena». Eguneko edo gaueko festa, zer nahiago duen galdetuta dio: «gauekoa utzi gabe, eguneko festa geroz eta gehiago» gustatzen zaiola. Hala, abuztuaren 11 izaten omen da gehien gozatzen duen eguna: «goizetik hasita egun borobila izaten da. Gainera, egun horretan egiten den ezpata dantza, leitzar guztiontzat oso momentu berezia izaten da».
Pestetako bigantxak
Pestei buruz hitz egiten hasita, bigantxen inguruan zabaldu diren zurrumurruak argitzeko ere baliatu nahi izan du Xabierrek aukera: «aurten entzierrorik ez dela eginen, bigantxak bai baina normalean baino haundiagoak ekarriko direla eta jendeak mina hartuko duela. Enbolatu gabeko zezenak ekarriko ditugula. Denetarik entzun dugu, baina ez da egia». Azaldu du aurten arazoak izan dituztela pestetako zezenekin: «urtero Marqués de Sakako ganadutegia ekartzen da pestetarako, baina aurten gure esku ez dagoen arazo batengatik Erriberako ganadutegi bat kontratatu behar izan dugu azken momentuan. Jendea lasai uzteko, argi gera dadila betiko tamainako behiak eta enbolatutakoak ekarriko direla». Marqués de Sakako arduradunak beraiekin izandako jarrera ere goraipatu nahi izan du: «aurten zezenik ekarriko ez duen arren, momentu oro guri laguntzeko prest azaldu baita».