Aresoko festetako otorduetarako txartelak erosteko azkeneko aukerak

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 2a, 16:00

Azkeneko urteetan bezala, Sarayola cateringa arduratuko da herri bazkariko otorduaz.

Aresoko festetan mahaian eseri eta lasai bazkaldu edo afaldu nahi duenak, aurretik atera beharko ditu kontuak. Festetako otorduetarako txartelak saltzen hasi dira eta abuztuaren 4a, 5a, 6a eta 7a izango dira txartelak erosteko azkeneko egunak. 

Lagunartekoek sanpedroetan erabili zuten sistema ari dira erabiltzen eta aldez aurretik jakinarazitako egun eta ordu zehatzetan ari dira txartelak saltzen. Abuztuaren 4an, 18:30etik 20:00etara egongo dira plaza zaharrean. Abuztuaren 5ean, 18:00etatik 20:00etara; abuztuaren 6an, 11:30etik 13:30era eta abuztuaren 7an, 10:30etik 12:30era. 

Abuztuaren 14an guraso elkartekoek prestatuko dute afaria. Urteroko menua errepikatuko dute: entsalada, zopa, txekor saiheskia piperrekin, postrea, kafea eta kopa. Sei eta hamasei urte arteko haurrek 13 euro ordaindu beharko dituzte eta helduek 22 euro. Atzeratzen direnek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Herri bazkaria abuztuaren 18an izango da eta Sarayola cateringa arduratuko da. Helduek 32 euroren truke: entsalada, otarrainxkak baratxuriarekin, onddo saltsaz betetako penkak, bakailaoa piperradarekin, masailak saltsan, limoizko sorbetea edo etxeko flana izango dute bazkaritarako. Haurrek 12 euro ordainduta, makarroiak, oilasko bularkia patatekin eta danoninoa. Jatekoa kanpotik ekarri behar dutenez, egunean bertan ez dute txartelik salduko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun