Abuztuaren 10ean, txerri saiheski errea; abuztuaren 11n, antxume errea; abuztuaren 12an, axuri errea; abuztuaren 13an, txerrikume errea eta abuztuaren 14an, oilasko errea jateko aukera izanen da.
Otorduetako osagaiak Mendialdeko ekoizleenak izanen dira, modu jasangarrian ekoiztutakoak. Eskualdean ekoizten ez diren elikagaiak soilik hartuko zaizkie Mendialdetik kanpokoei. Jantokia bi helbururekin jarriko dute: «finantziazioa lortzea eta gure lanaren eta guk defendatzen dugun elikadura ereduaren gaineko sozializazioa egitea». Jateko goxoa eskaintzearekin batera, kontzientzia sortu nahi dute:«herritarrei ikustarazteko badagoela elikagaiak ekoizteko eta kontsumitzeko modu iraunkor bat: ingurumena zainduz, animalien ongizatea errespetatuz eta herritarrentzat eta nekazarientzat prezio justua bermatzen duena». Gonbidapena luzatu diete: «herritar zein bisitariak animatzen ditugu gure txokora hurbildu eta festetan ere, baserrikoa eta janari osasungarria jan eta festaz gozatzera».