Unai Urkiolak (ahotsa), Markel Barriolak (ahotsa), Mikel Sagastibeltzak (gitarra), Manex Morenok (gitarra), Julen Zeballosek (baxua) eta Oinatz Mariezkurrenak (bateria) sortu zuten Katez musika taldea. 2014an, Atekabeltzen eman zuten jendaurreko lehenbiziko kontzertua eta hamar urteko ibilbidean Euskal Herri osoko plaza eta gaztetxeak ezagutu, hiru disko kaleratu, sariak irabazi eta publikoaren goxotasunik ez zaie falta izan.
Hardcore estiloan bidea egin dute eta hasi eta gutxira jaso zuten entzuleen babesa. 2015ean Gora Iruñeak antolatutako lehiaketa irabazi zuten eta 2016ko maiatzean kaleratu zuten beraien lehenbiziko diskoa Begi itsuak izenekoa. Ez zen izan 2016ak emandako fruitu bakarra, Gaztea Maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi eta finalisten artean izan ziren. 2017an atera zuten beraien bigarren diskoa, Zain izenekoa eta 2021ean taldearen azkeneko lana izanen zena Argiz Iluntzen. Arantza Rocken, Iruñeko Totem Aretoan eta hainbat eta hainbat herri eta gaztetxetan eskaini dituzte kontzertuak. 2024ko uztailaren 20an eman dute taldearen azkeneko kontzertua. Hasierako taldekide ia guztiak izan ziren orduan ere oholtzan; Anker taldeko Jon aritu da baterian.
Ainara Saralegik bidalitako bideo honetan ikus daiteke azken kontzertuko une bat:
Agurra borobildu eta zaleek oroigarri bat izan dezaten, kamiseta berriak kaleratu ditu taldeak. Ametsak bizi nahian leloa irakur daiteke bertan. Ikusi beharko da boskote honen amets berriek nora eramaten dituzten…