Uztailaren 25a, osteguna
Festei hasiera emateko txupinazoa 12:00etan botako du Zapotxin pailazoak, herriko buruhaundi eta erraldoiak lagunduta. Markel Oiartzabal aritzen da Zapotxinen paperean, lotura estua du Aranorekin eta festetan urtero eskaintzen du emanaldia. Txupinazoaren aurretik meza izanen dute eta Hernaniko dultzaineroak ere aterako dira giroa alaitzera. Eguerdi partean, pilota partidak antolatu dituzte. Jubeniletan, J. Sagastibeltza, X. Iturberen aurka ariko da. Horiek bukatutakoan, Aranoko eta Goizuetako pilotariak ariko dira aurrez aurre: M. Leonet eta O. Legarreta, X. Salaberria eta E. Elizegiren aurka ariko dira. Irati, Ane eta Joxe Leonen kantuek goxatuko dute arratsaldea. Kantaldia eskainiko dute 17:00etatik aurrera. Segidan, 18:30 aldera, herritarren arteko pala txapelketa azkarra antolatu dute eta euria bada, ping-pongean ariko dira. Eguna borobiltzeko, herri afaria eginen dute 21:00 aldera eta gero poteo kalejira. 00:00etan Bailarako Gauerdiko Bertsolarien Arteko lehenengo txapelketa eginen dute. Izena ematea tokian bertan eginen denez, momentuko aldartearen arabera, bertsolari bat baino gehiago animatuko da akaso.
Uztailaren 26a, ostirala
10:30ean herritik Surora joanen dira, erraldoi berria aurkeztuz ibilbidea eginen dute. Gero hamaiketakoa eginen dute. Arratsaldean, 17:00 aldera, bezperan hasitako pala txapelketako partidekin segiko dute eta finala ere jokatuko dute. 21:00etan herri afaria izanen da. 22:30ean XL. Mus Txapelketa jokatuko dute San Roke elkartean eta kanpoan toka txapelketa eginen dute.
Uztailaren 27a, larunbata
Bertako produktuen azoka eginen dute 12:00etatik aurrera eta Zapotxin lagunaren bisita izanen dute. Patata tortilla txapelketa ere eginen dute (bakoitzak etxetik eraman beharko du prestatuta). Arratsaldean, lagun arteko ipuin kontaketa saioa antolatu dute 17:00 aldera eta 18:00etan herri kirolak izanen dira. Aizkora Esnal Anaiak ariko dira, Harri jasotzen Aimar Galarraga eta Imanol Royo. Gauean herri afaria eginen dute eta egunez aldatuta bada ere, bertsorik ez da faltako. Santiotako urteroko bertso saioa eginen dute afalondoan. Agin Laburu, Sustrai Colina, Maider Arregi eta Joanes Illarregi ariko dira bertsotan eta Aritz Zerainek eginen ditu gai-jartzaile lanak. Gauerdian, dantzaldia izanen da Erromeria taldearekin. Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hekthor Folk igoko dira oholtzara.
Uztailaren 28a, igandea
11:00etan meza. Segidan, herri gurasoen hamaiketakoa, Umore Ona dantza taldearen emanaldia eta umeen arteko pilota partiduak. Arratsaldean, etxeko txikiek gozatzeko aukera izanen dute: 16:00etan altxorraren bila, 17:30ean apar festa eta 18:30ean txokolate jana eginen dituzte. Gauean elkarrekin afaldu eta bingoan ariko dira.