Aresoko festetako otorduetarako txartelak uztailaren 19an eta 22an salduko dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 18a, 10:00

Herri bazkaria abuztuaren 18an egingo dute.

Aresoko pestetan mahaian eseri eta lasai bazkaldu edo afaldu nahi duenak, aurretik atera beharko ditu kontuak. Datozen egunetan plaza zaharrean salduko dituzte abuztuaren 14ko afarirako eta abuztuaren 18ko herri bazkarirako txartelak. Lagunartekoek sanpedroetan erabili zuten sistema erabiliko dute eta egun eta ordu zehatz batzuetan bakarrik izango da txartelak eskuratzeko aukera. Uztailaren 19an, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara egongo dira plaza zaharrean eta uztailaren 22an, astelehenean,  17:30etik 19:30era.

Abuztuaren 14an guraso elkartekoek prestatuko dute afaria. Urteroko menua errepikatuko dute: entsalada, zopa, txekor saiheskia piperrekin, postrea, kafea eta kopa. Sei eta hamasei urte arteko haurrek 13 euro ordaindu beharko dituzte eta helduek 22 euro. Atzeratzen direnek bost euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Herri bazkaria abuztuaren 18an izango da eta Sarayola cateringa arduratuko da. Helduek 32 euroren truke: entsalada, otarrainxkak baratxuriarekin, penka beteak onddo saltsarekin, bakailaoa piperradarekin, masailak saltsan, limoizko sorbetea edo etxeko flana izango dute bazkaritarako. Haurrek, hamasei urte artekoek, 12 euro ordainduta, makarroiak, oilasko bularkia patatekin eta danoninoa izango dituzte. Jatekoa kanpotik ekarri behar dutenez, egunean bertan ez dute txartelik salduko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun