Xabi Arratibel Monfort

«Euskal Herria Zuzenean festibalean jotzea ohore bat izan da»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 20a, 09:00

Musika da Arratibelen afizio nagusienetakoa.

Plazatik itsasoa ikusten den Nafarroako herri bakarra da Arano. Hala, mendi kaskotik, sorterrira begira egoteko aukera du Xabi Arratibel donostiarrak. Duela ia zazpi urte hartu zuen kostatik mendirako bidea, «ez zen nolanahiko aldaketa izan, baina hemengo lasaitasuna, jendearen gertutasuna eta natura hain gertu izatea altxor bat da».

Aranora bizitzera joandakoan zituen aurreiritziek eta errealitateak ez zutela bat egiten ikusi zuen: «gehiengoa baserritarra izango zela espero nuen, jende hotza eta itxia espero nuen eta horren kontrakoa aurkitu nuen. Hasieratik jendea oso irekia izan da eta erraztasunak eman dizkit. Gainera, bizilagunak zure atera barazkiz betetako saskiekin noizbehinka etortzen badira, ba zer esango dut!». Herritarren artean dagoen aniztasuna ere nabarmendu du: «herri txiki honetan diseinatzaileak, argazkilariak, tatuatzaileak, musikariak, bertsolariak eta hainbat artista bizi dira. Bizitzako esperientziak elkarbanatzeko aukera paregabea ematen du herriak».

Aranok zer duen soberan galdetuta, «egun euritsu eta lainotuak» aipatu ditu. Badaki, ordea, horiek ere beharrezkoak direla hain gustuko duen paisaia izateko: «horiei esker mendi eta zelai politez goza dezakegu. Aukera gutxi izaten diren arren, egun eguzkitsuetan errekara jaistea ere gustatzen zaigu». Faltan berriz, adin beretsuko jendea: «nire adineko kuadrilla txiki bat izatea gustatuko litzaidake, gure estiloko planak hemen bertan egin ahal izateko».

Musikari lotuta

Plan horietan ez da musikarik faltako: «musika nire pasioetako bat da, nahiz eta lanbide izatera ez den iritsi. Nire bizitzan musikari lotutako momentu berezi pila bat egon dira eta klixeak dioen bezala, musikarik gabe ezerk ez zuen zentzurik izango». Piano baten bueltan izan zuen musikarekin lehenbiziko harremana, baina gazte garaian lagun baten gitarra probatu zuenean piztu zitzaion musikarako harra: «nire lagun min batek gitarra klasikoarekin jotzeko akorde batzuk erakutsi zizkidan eta horrek dena aldatu zuen. Hurrengo urtebetetzean gitarra elektriko bat erosi eta harekin hasi nintzen nire kabuz ikasten, denbora gutxira lehenengo musika taldeak sortzen hasi ginen eta geroztik milaka gauza gertatu dira». Gaur egun, «gitarra, pianoa, baxua, bateria, ukelelea, banjoa, saz turkiarra eta ia sokadun instrumentu guztiekin aritzen naiz saltsan. Hala ere, gitarra da gehien disfrutatzen dudana eta erosoen sentiarazten nauen instrumentua».

Musikaria da afizioz, baina ez ofizioz.

Musikaren munduan bidea egitea kosta egiten dela aitortu du: «gaur egun, gainera, proposamen eta estilo ugari lantzen dituzten hainbat talde daudenez, oso zaila da besteengandik nabarmentzea eta batez ere, musikatik bizitzea lortzea». Horri lotuta, hainbat kolektibok eta elkartek ematen duten laguntza aipatu nahi izan du: «Euskal Herrian musikari eta musika talde txikiei ateak irekitzen dizkiete, lehenengo pausoak eman eta kontzertu txikiak antolatzen has daitezen».

Hari horiei tiraka, akaso, lortu du aurten Xabik Euskal Herria Zuzenean festibalean jotzeko gonbidapena: «Bananas du izena nire azkenengo musika proiektuak eta aurten Euskal Herria Zuzenean festibalean parte hartzeko deitu digute». Pozik eta ilusioz hartu zuten antolatzaileek emandako aukera: «guretzako festibalik eta elkargunerik hoberenetariko bat delako, bai musika eta taldeen kalitateagatik baita beraiek bultzatzen dituzten balioengatik ere. Beraien proiektuarekin bat egiten dugu». Oholtzan, «gozatu ederra» hartu dute eta festibalean jotzea «ohore bat » izan dela dio. Ez da datozen hilabeteetan Bananas taldea zuzenean ikusteko aukera bakarra izango: «taldearekin pare bat kontzertu gehiago lotuta ditugu irailera arte». 

Udako planei buruz galdetuta, «oporretan kanpora bidaiatxo bat egiteko asmoa ere badut eta ahal den heinean deskantsatzekoa». Hori bai, aurretik Aranoko festetan gozatzeko tartea hartuta: «normalean gonbidatuak izaten ditugu etxean, bai familia aldetik baita kuadrillakoak ere, giroaz gozatzeko, bazkari eta jolasetan parte hartzeko eta bingo musikatuan berriz irabazten saiatzeko». Ekitaldi guztien artean, produktu feria du gustukoena, «herriko sagardo eta etxeko janariak dastatzeko, patata tortilla txapelketako pintxoak probatzeko eta giro polit eta herrikoiaz gozatzeko aukera izaten delako». 

Bere hitzak irakurrita, badirudi kostako kresala, mendietako ihintzagatik aldatu eta ziztangila bihurtzen ari dela dagoeneko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun