Atekabeltzen urteurren pesta ospatuko dute uztailaren 20an

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 17a, 11:00

Festa giroan ospatuko dute urteurrena larunbatean.

Hemeretzigarren urteurrena ospatuko du uztailaren 20an Atekabeltz gaztetxeak. Egun osoko egitaraua prestatu dute, kirola, musika eta festa bilduko dituena. Bazkarirako txartelak Torrean jarri dituzte salgai 15 eurotan eta uztailaren 18a izanen da erosteko azkeneko eguna.

Goizean, 10:00etan, frontenis txapelketa jokatuko dute plazan. Izena emateko zerrenda Torrea tabernan jarriko dute. Mahaiaren bueltan bilduko dira gero, 14:00etan, bazkaria izanen dute. Bazkarirako txartelak uztailaren 8tik aurrera jarriko dituzte salgai Torrea tabernan. Arratsaldean, herrian zehar zabalduko dute festa giroa, Karromojipoteoa eginen dute 18:00etan eta luntxa Atekabeltzen 21:00etan. Gauean, musikarik ez da faltako 22:00etatik aurrera. Katez herriko musika taldeak azken kontzertua eskainiko du. Vaire talde valentziarra ere gonbidatu dute eta gaua borobiltzeko Muffin DJaren musika izanen dute.

Logo berria

Logoa ere berritu du Atekabeltz gaztetxeak eta kameleoi baten irudia erabili dute. Irudiaren esanahia azaldu dute: «kolorez aldatzeko kapazak eta aldi berean, kolore guztiak onartzekoak; ideia askeko espazioa, aisialdi alternatiboa eskainiz, autogestioz, Leitza hobe bat eraikitzeko lanean gabiltzan kameleoiak».

Topaketak udazkenean

Uztaileko urteurren festa ez da izanen aurten Leitzako gaztetxearen bueltan eginen den hitzordu berezi bakarra. Urriaren 19an, Atekabeltz herrigunean bilduko dira Euskal Herri osotik etorritako gazteak. Autogestioa saretu, etorkizuna okupatu lelopean, elkar ezagutu, gogoeta egin eta bide berriak elkarrekin lantzeko asmoz antolatu dute hitzordua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun