Goizuetan noka berreskuratzen hasteko Oihana Lujanbioren ikerketa proiektua saritu du Mintzolak

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 15a, 15:00

Oihana Lujanbio ikerlari eta irakasle goizuetarra.

Irakasle eta ikerlari goizuetarrak 3.000 euroko dirulaguntza jasoko du bere proiektua lantzeko. Ikerlana 2025eko otsailaren 28a baino lehen aurkeztu beharko du.

Lujanbiok Goizuetako noka formak zabaltzeko bideak ikertuko ditu,  praktikak sustatuko ditu eta horiek erabileran eraginik ote duten aztertuko du. Nokaren galeraren arrazoiak ezagutzea eta herritarren hausnarketa eragitea ere bada helburua eta azkenik, Goizuetan noka mantendu duten hiztun-taldeen praktika onak ere bilduko ditu.

Ez da lehenengo aldia ikerlari nafarrak Goizuetako euskarari buruzko lan bat egiten duela. Besteak beste, honako lanak burutu ditu Lujanbiok azken urteotan, bakarka edo lankidetzan: Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran: emaitza gehiago. Euskal hizkuntzalaritzaren egungo zenbait ikerlerro. (Udako Euskal Unibertsitatea, 2014); Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran. (Uztaro / Udako Euskal Unibertsitatea, 2012); Goizuetako azentuaz zerbait gehiago: oharmena. (ASJU / EHU, 2009); Goizuetako azentuera. Gramatika jaietan (EHU, 2008). Azken biak Jose Ignacio Hualderekin batera egin zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun