Leitzako festen iragarle izaten den Plazaola aldizkaria prestatzen ari da Aurrera Elkartea eta urtero bezala, azala osatzeko lehiaketa antolatu dute. Ekainaren 30era arte jaso zituzten proposamenak eta bozketa publiko bidez aukeratu dituzte irabazleak.
Helduen kategorian hiru proposamen aurkeztu dituzte eta Saioa Sagastibeltzak, Paula Perurenak, Leire Retegik, Haizea Saenzek eta Jon Arrizurietak egindako Deus ez eta pesta izan da aldeko boto gehien eskuratu dituena. Ylenia Villabonak egindako Urtero pestak eta Aingeru Zabaletak egindako Pestak lana izan dira beste proposamenak.
Umeetan, Naiara Juanikorena Mariezkurrenaren Aspertzeko betarik ez lana izan da irabazlea. Beste hiru proposamen ere aurkeztu dituzte. Liher Fernandezek Itzalak itzaltzen eta Abuztuko elkartokie lanak aurkeztu ditu eta Izar Etxeberriak Tibur pest lana.
Abuztuaren 3an, festetako Erreparto Egunean, Plazaola aldizkaria etxez etxe banatzen dutenean izanen dugu irabazleen lanak ikusteko aukera.