Herrian lan egin eta bizitzeko aukera aztertzeko bilera eginen dute asteartean Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 1a, 13:30

Goizueta eta Aranoko herritarrei egin diete bertaratzeko deia.

Aranoko eta Goizuetako herritarrak urtarrilaren 2an elkartuko dira Goizuetako Herriko Etxeko ganbaran 18:00etatik aurrera.

Nor hobea herri baten etorkizuna marrazteko, bertako herritarrak baino? Herrien garapen ekonomiko eta soziala herrietatik eta modu eraldatzailean egin beharko litzatekeela iritzita, 'Gure herrietan lan eta bizi' egitasmoa jarri dute martxan Mendialdeko herrietan. Herriz herri bilerak antolatu dituzte, herri bakoitzeko errealitatea ezagutu eta beharretatik aukerak sortzeko. Goizueta eta Aranoren txanda izanen da orain. Uztailaren 2an, bilera antolatu dute 18:00etatik 20:00etara Herriko Etxeko ganbaran eta herritar guztiei egin diete bertaratzeko gonbidapena.

Cederna Garalur elkarteak, Mendialdeko Aktibazio Planaren baitan landuko du egitasmoa, Mimukaiko eta Olatukoopeko kideen bitartekaritza izanen dute eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko du. Erakunde eta adituak proiektuaren parte izanen badira ere, herritarrak izanen dira oinarria. 

Gainera, proiektu kolektiboak nola antolatu daitezkeen ikusteko, beste herri eta eskualde batzuetako adibideak ere ekarriko dituzte. Adibideetako batzuk, dagoeneko martxan dauden proiektuak izanen dira. Besteak, sortzen eta janzten, lehenbiziko urratsak ematen ari direnak. Guztiak baliagarriak izanen dira tokian tokiko beharrak elkarrekin identifikatu, eta aurrera begira elkarrekin ikasi eta lan egiteko. Topagune bat ere izanen da hitzordua, herritarren eta erakundeen artean harreman sareak sortzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun