Etxez etxeko langileen lan poltsa osatzeko deialdia uztailaren 2ra luzatu du LAGA gizarte zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 27a, 18:00

Freepik

Etxeko arreta zerbitzurako familia langile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda sortzeko deialdia egina du Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, eta aste honetan jakinarazi du eskaerak aurkezteko epea uztailaren 2an bukatuko dela.

Interesa dutenek LAGA Gizarte Zerbitzuaren Erregistro orokorrean edo egoitza elektronikoaren bidez eman dezakete izena. Ezinbestekoa izanen da B gida baimena eta ibilgailua edukitzea eta euskararen ezagutza.  Ahoz B2 maila eta idatziz B1 maila edo ofizialki baliokidetzat onartutako titulazioa izan beharko dute izangaiek. Aipatu bezala, uztailaren 2an bukatuko da aurkezteko epea, 14:00etan.

Hautaprobak egin ondotik, hiru zerrenda osatuko dituzte probak gainditu dituzten pertsonekin.

Lehenbiziko zerrendan, profesionaltasun ziurtagiriak eskatzen duen titulazio ofiziala duten langileak sartuko dira: erizaintzako zainketa osagarrietako teknikariak, mendetasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikari titulua dutenak, gizarteratzeko goi mailako teknikariak eta pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun ziurtagiria dutenak.

Bigarren zerrendan, salbuespenezko edo behin-behineko gaikuntza aurkezten duten langileak egonen dira eta hirugarrenean, eskatutako lanbide kualifikaziorik ez duten pertsonak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun