Goiuri Zabaleta pilotari leitzarrak Plazandreak Torneoan jokatuko du

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 27a, 15:00

Plazandreak txapelketan parte hartuko duten pilotari gehienak izan ziren aurkezpenean, tartean Goiuri Zabaleta leitzarra.

Indarberrituta dator Emakume Master Cup zirkuituko torneoa, Bilboko Esperantza pilotalekua estreinatzeko eta ETB-1en emanen dute astelehen gauetan

Berrikuntzak eta egutegian txapelketa gehiago iragarri zituen Emakume Master Cup zirkuituak bere denboraldi hasieran eta, udako egutegira erabat indarberrituta itzultzen den Plazandreak Txapelketa da horietako bat. Bost astez ETB-1eko astelehenetako prime-timea beteko duen txapelketa taldeka jokatuko den lehiaketa bat izanen da, talde bakoitzeko pilotariek binaka eta lau eta erdian jokatu beharko dute, eta garaipen bakoitzeko puntu bat eskuratuko dute. Txapelketa uztailaren 1ean hasiko da eta ligaxkan punturik gehien batzen dituzten bi bikoteek abuztuaren 5eko final handia jokatuko dute. Goiuri Zabaleta leitzarra izanen da txapelketan parte hartuko duen pilotari bakarra.

Denera lau taldetan banatutako goi mailako hamabi pilotari arituko dira txapelketa honetan; Arrizabalaga-Capellan eta Ibarrola; Aldai-Mendizabal eta Larrarte; Zabaleta-Gaminde eta Etxegarai eta Garai-Galeano eta Arrillaga.

Eta protagonistak primerakoak badira, zer esan txapelketako jaialdi guztiak hartuko dituen pilotalekuaz, Bilboko bihotzean, Zazpi Kaleetan eraiki berri duten Esperantza frontoia, emakumeen esku pilotan erreferentziazko pilotalekua izatera datorren kantxa berria, lehiaketa honetan estreinatuko dena.

Txapelketan parte hartuko duten pilotariez gain, asteazkenean egindako aurkezpenean Bizkaiko Foru Aldundiko Leixuri Arrizabalaga eta Carlos Sergio Atxotegi, Bilboko Udaleko Itxaso Erroteta eta Marcos Muro, EITBko Joseba Urkiola eta Amane Ibañez eta Laboral Kutxako Alvaro Parro izan ziren, Plazandreak Torneoa babestu eta pilotariak animatzeko.

 

Egutegia

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun