Gorriztarango Eguna ospatuko dute ekainaren 30ean

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 28a, 07:00

Gorriztarango auzotarrak elkartzeko aitzakia izaten da festa.

Aurten ere egun osoko egitaraua prestatu dute Leitzako Gorriztaran auzoan. Igande honetan, ekainaren 30ean, goizeko mezarekin hasi eta iluntzeko txokolate janarekin bukatuko dute festa.

Goizean, 10:00etan, meza izanen dute eta segidan, herri kirol proba konbinatuak, aizkolariak, proba bereziak eta umeentzako jolasak antolatu dituzte. 14:00etan bazkaria izanen dute Basakabin. Bazkarirako txartelak ekainaren 24ra arte jarri dituzte salgai eta antolatzaileek jakinarazi dute egunean bertan ez dutela bazkarirako txartelik salduko. Bazkalondorako urteroko klasikoek ez dute hutsik eginen: musa, dantzaldia eta txintxurrin txapelketa. 17:00etan hasiko da XXXVII. Mus Txapelketa eta bikote bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu. 18:00etan izanen da dantzaldia eta 19:30ean XXXVII. Txintxurrin Txapelketan agerian geldituko da auzotarren trebezia. 20:00etan zozketa eginen dute eta aurten ere ez dituzte nolanahiko opariak prestatu. Ospakizunei bukaera emateko txokolate jana eginen dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun