SORAYA ATXUKARRO TOLOSA

«Eskean joaten garenean momentu bereziak sortzen dira»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 23a, 08:00

Aresoko Lagunarteko kidea da Soraya.

Hemeretzi urte eta uda osoa aurretik. Ez da abiapuntu txarra edozein istorio idazteko. Bertan ez dira faltako festa giroko kontuak, mendi irteerak, ezagututako txoko berriak eta lagunartean pasatako arratsaldeak. Lanerako tartea ere hartu beharko du, baina argi du Soraya Atxukarro gazteak: «uda gozatzeko da». 

Irailetik ekainera, ikasle eta langile bizitza uztartzen ditu: «astean zehar ikasten ari naiz eta asteburuetan zerbitzari lanetan aritzen naiz Berrobiko Iriarte jatetxean». Horregatik, gogoz hartzen ditu udako hilabeteak: «lagunekin ahalik eta denbora gehiena egotea: mendira joan, piszinan egon eta erraketan ibiltzea, herri txiki guztietako festetara joatea, toki berriak ezagutzea, egun batzuk kanpora joatea... aukera guztiak dira onak». 

Ez da geldirik egotea maite duten horietakoa eta urte osoan zehar, hartzen du naturaz gozatzeko tartea: «txikitatik gustuko dut mendira joatea, animaliekin egotea... lasaitasuna ematen dit eta pozik sentitzen naiz». Bakarrik baino, hobe lagunartean: «lagunekin gustura egoten naiz beti». Ez dakigu lagunen zerrendan bere zaldi txuria sartuko ote duen, baina ezin aipatu gabe utzi: «orain dela bost urte ekarri genuen eta oso inportantea da guretzat, maite dugu eta gustura egoten gara berarekin».

Areson ere oso gustura bizi da: «mendi ederrak daude eta plaza ingurua ere oso polita da. Herri txikia da eta hori da bere berezitasuna». Batzuetan mesede eta besteetan kalte: «denok elkar ezagutzen dugu, ia dena dakigu batak besteari buruz. Batzuetan ongi heldu da hori eta besteetan ez hainbeste...». Hori bai, orokorrean «norbaitek laguntza behar duela ikusten dugunean elkar laguntzeko prest egoten garela esango nuke».

Sanpedroak

Ekaineko azkeneko asteburuan botako dute sanpedroei hasiera emateko txupinazoa eta Lagunartekoei egokitu zaie antolakuntza lanetan aritzea: «inauteriak eta sanpedroak antolatzea gure lana izaten da. Gustura egiten dudan lana da, aspaldiko ohiturei eutsi eta aurrera segitzen dutela ikusteak poza ematen didalako». Ekainaren 28an eta 29an ospatuko dituzte Aresoko sanpedroak eta bi egunez ongi pasatzeko aukera izango dute herritar guztiek: «ostiralean meza, arratsaldekoa, herriko eskea eta Lagunartekoen afaria izango ditugu. Larunbatean, gosaria, eskea, sagardo-dastaketa, herri afaria eta juerga». Gazte kuadrilla polita aritu da guztia antolatzen: «gaur egun hogeita bat gazte gaude Lagunartean. Aurten hiru sartu dira eta heldu den urtean beste lau sartuko dira». Gogotsu ikusten ditu taldekideak, «jendea herriko gauzetan parte hartzen ari da eta zenbat eta jende gehiago elkartu, orduan eta politagoa izaten da sortzen den giroa». 

«Aspaldiko ohiturei eusteak poza ematen dit»

Soraya ATXUKARRO TOLOSA

Sanpedroei buruz hitz egiterakoan ere horixe izan da nabarmendu duena: «herritarrak elkartzeko aitzakia ederra dira». Herriko eta baserrietako eskea izaten da horretarako bitarteko hoberena: «adin desberdinetako jendearekin elkartzeko aukera ematen dizu. Garai bateko istorioak entzutekoa, dantzan aritzekoa...». Baserriz baserriko bidea oinez egiten dute, «hala egin izan da beti eta horrek du grazia». Bidean bertan ere, aldapan gora eta behera, «nahikoa komeria» izaten dituztela dio. Esketik herrira bueltatuta, sagardo dastaketaren txanda izaten da: «herritar guztiak festa giroan sartu daitezen eta herri afarirako zertxobait animatzen joateko». Ongi pasatzeko, batzuek lana egin behar izaten dute eta herri afarian zerbitzari lanak egitea egokitzen zaie batzuei: «bezperako ajea soinean eta egun guztian eskean ibilita, ez da planik idealena, baina egun bat da, gazteak gara eta ez da hainbeste kostatzen. Elkarri laguntzen diogu eta herrian pesta giroa jartzeko denez, gustura egiten den lana da».

«Oinez egiten dugu eskea eta horrek du grazia»

Soraya ATXUKARRO TOLOSA

Musikarik ez da faltako sanpedroetan eta erraza izanen da Soraya dantzan topatzea, «musika orokorrean dut gustuko: erromeria, mexikarrak, teknoa, reggeatoia... edozer jarrita ere gustura aritzen naiz dantzan». Ekaineko azken asteburuko dantzak beroketa izan daitezke gerorako: «sanferminak, herri txikietako festa guztiak... abuztuaren 14tik 18ra herriko festekin borobiltzeko». Borobildu eta ez edonola: «Joselu anaiak datoz berriz ere Aresora eta gure etxekoentzat berezia da». Aurten izanen du urrutira joan gabe bihotza ireki eta Anselmaren erritmora dantzan aritzeko aukera: «oso gustura nago, nire ama bezala» dio barre artean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun