Udako solstizioa ospatuko dute Leitzan garagarrilaren 23an

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 21a, 17:00

Su txikia 23:00etan piztuko dute eta handia gauerdian.

Egun berezia izaten da ekainaren 23a Leitzan; umeak, gazteak eta helduak biltzen dituen hitzordua. Aurten ere festa giroan ospatzeko egitaraua prestatu dute Aurrera elkarteak eta udalak elkarlanean. 

Arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. Umeek ingurutxoa dantzatuko dute plazan,18:30ean, eta ondoren, txistor opilak eta freskagarriak banatuko dituzte.

Gauean, itxura ederra hartuko du beste behin ere herriko plazak. 21:30ean herri afaria eginen dute eta 800 lagunentzako tokia prestatu dute antolatzaileek. Euria egiten badu, afaria kiroldegian eginen lukete. Afalondoa dultzaineroek alaituko dute eta eguna borobiltzeko, suak piztuko dituzte. Su txikia 23:00etan piztuko dute eta handia gauerdian. 

Afarirako hainbat ohar zabaldu dituzte Leitzako Udalak eta Aurrerak. Udalak baxera, ogia, edaria, mahaiak eta aulkiak jarriko ditu, eta Aurrerak, aldiz, kafea eta kopa. Plastiko eta hondakin gutxiago sortzeko bi aukera izanen dira: norberak bere etxeko baxera plazara eramatea, edo udalak eskainitako baxera konpostagarria erabiltzea. 

Afalondoan, lagun talde bakoitzak hondakinak eduki ontzietan sailkatu eta botako ditu, eta mahaia bildua eta garbia utzi behar da.

Udalak oroitarazi du ez duela bere gain hartuko suaren ondorioz gerta litezkeen erredura edo bestelako kalteen erantzunkizuna. Errespetuzko harremanetan oinarritutako pesta giroa lagundu eta eraso sexisten aurrean ekiteko eskaera ere egin diete herritarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun