Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak Leitzan eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 20a, 08:30

Ekainaren 19an egin zuten aurkezpen ekitaldia Atekabeltzen.

Urriaren 19an, Atekabeltz herrigunearen bueltan bilduko dira Euskal Herri osotik etorritako gazteak. Autogestioa saretu, etorkizuna okupatu lelopean, elkar ezagutu, gogoeta egin eta bide berriak elkarrekin lantzeko asmoz antolatu dute hitzordua.

Atekabeltz herriguneko atarian egin zuten atzo arratsaldean aurkezpen ekitaldia eta bertan azaldu zuten, «hilabeteetako hausnarketa, eztabaida eta harremantze prozesu  baten emaitza» direla udazkenean Leitzan eginen dituzten topaketak.

Herri ezberdinetako kideak elkartutako dira eta aukera baliatu nahi dute elkarrengatik ikasi eta elkarrekin bidea egiteko: «autogestioaren, botere-harremanen, okupazioaren, komunikazio politikoaren edota borroka moldeen inguruan gogoeta egin eta tokian tokiko egoera, erronka, oztopo edota proiektuak elkarrekin konpartitzeko elkargune bat proposatu nahi dugu».

Formakuntza saioak, mahai inguruak eta tailer praktikoak antolatzeko asmoa dute: «ez baitago teoria baliogarririk, praktikarik gabe, ez eta alderantziz ere». Hamarnaka gazte ibili dira antolakuntza lanetan, «modu ireki, asanbleario eta horizontalean topaketa hauek antolatzeko prozesu kolektiboan parte hartzen».  Oraindik, prozesua irekita dagoela gaineratu dute eta parte hartzeko interesa edo borondatea duen edonork ateak zabalik aurkituko dituela azpimarratu dute: «guztion laguntza beharrezkoa izanen baita topaketa hauek aurrera eramateko». Parte hartu nahi dutenek mezu bat bidal dezakete gaztetxetopaketak@gmail.com helbidera.

Une honetan, gaztetxe eta gazte asanblada ezberdinen artean polarizaziorako joera nagusitzen ari dela ikusita, indarrak batzea ere bada topaketen helburua: «elkartasunetik eta elkarri lagunduta, indarrak biderkatzea». Gaztetxeen eta gazte asanbladetako kideen kontrako jazarpen polizial, juridiko eta ekonomikoa salatu nahi izan dute: «gure kontrako ofentsiba etengabeak bere horretan jarraitzen duelako, inoiz baino indar gehiagorekin eta errepresio mota ezberdinak eguneratuz. Jazarpen eta errepresioaren aurrean, elkartasunez erantzuteko deia luzatu nahi dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun