Etxez etxeko langileen lan poltsa osatzeko deialdia egin du LAGA Gizarte zerbitzuak

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 19a, 20:00

Hautaprobak egin ondotik hiru zerrenda osatuko dituzte.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak hautaproben bidez, etxeko arreta zerbitzurako familia-langile lanpostua aldi baterako eta lan-erregimenean betetzeko izangaien zerrenda sortzeko deialdia egin du. Eskaerak ekainaren 26ko 14:00ak baino lehenago aurkeztu behar dira.

Interesa dutenek LAGA Gizarte Zerbitzuaren Erregistro orokorrean edo egoitza elektronikoaren bidez eman dezakete izena. Ezinbestekoa izanen da B gida baimena eta ibilgailua edukitzea eta euskararen ezagutza.  Ahoz B2 maila eta idatziz B1 maila edo ofizialki baliokidetzat onartutako titulazioa izan beharko dute izangaiek.

Hautaprobak egin ondotik, hiru zerrenda osatuko dituzte probak gainditu dituzten pertsonekin.

Lehenbiziko zerrendan, profesionaltasun-ziurtagiriak eskatzen duen titulazio ofiziala duten langileak sartuko dira: erizaintzako zainketa osagarrietako teknikariak, mendetasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko teknikari titulua dutenak, gizarteratzeko goi-mailako teknikariak eta pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun ziurtagiria dutenak.

Bigarren zerrendan, salbuespenezko edo behin-behineko gaikuntza aurkezten duten langileak egonen dira eta hirugarrenean, eskatutako lanbide-kualifikaziorik ez duten pertsonak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun