Mikel Zabaleta

«Pandemia ailegatu arte curriculumak ekartzera etortzen ziren baina orain ez»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 16a, 09:00

Mikel Zabaletak 2003an ireki zuen Peritza taberna Leitzan.

«Pandemia ailegatu arte gazteak curriculumak ekartzera etortzen ziren, baina orain ez didate urte osoan bat bera ere uzten». Halaxe kontatu du Peritza tabernako Mikel Zabaleta Alzurik.

2003an zabaldu zuen taberna eta egun lauzpabost langile ditu plantillan. Lan faltarik ez dute: «Taberna eta jatetxe pila bat ixten ari dira, baina guk lana beti ongi egin dugu eta orain gehiago ari gara. Gainera, herrian ez dago aukera handirik». Egoera bestelakoa da langileak behar direnean.

Onartu duenez, «parrandaren bat dagoenean ez dut arazorik izaten langileak harrapatzeko, baina egunerokoan edo asteburuetan aritzeko bilatzea ez da erraza». Honela dio: «Jendeak ez du lan mota hauetan sartu nahi, fabriketara edo funtzionario izateko edo ikasketekin zerikusia duten bertze lanei begira dago, eta ez da erraza langileak lortzea, ez ostalaritzan, ez beste gremioetan».

«Gure garaian edozein gazte aritzen zen zerbitzari edo beste edozein lanetan orduka, baina gaur egun ez»

Bere hitzetan, «Euskal Herrian ostalaritza beti bidenabar egin den lanbidea izan da, ikasketak bukatu edo fabrikatik deitu arteko lana. Nagusientzat ez, baina gainerako langileentzat nahiko ofizio ezegonkorra izan da. Zentzu horretan ez dut aldaketarik sumatu».

Baina beste alor batzuetan aldaketak izan direla dio, besteak beste, gazteen artean: «Gure garaian edozein gazte aritzen zen zerbitzari edo beste edozein lanetan orduka, baina gaur egun ez. Eta ordu batzuk sartuta jornal polita ateratzen ahal da».

Ostalarien artean ere gauzak aldatu dira bere ustez: «Garai batean, ostalariek sakrifizioa asumitua zuten, egunero irekitzen zuten, asteburuetan, festetan, inauterietan... Urte osoan irekitzea normala zen. Orain, berriz, gero eta gehiago dira egun edo ordu batzuetan tabernak ixten dituztenak. Lasaiago bizitzearen aldeko aukeraketa nabaritzen da». Berak «astelehen eta astearte arratsaldetan» ixten ditu tabernako ateak: «Langileak falta nituen momentu batean hasi nintzen ixten. Gaur egun langile guziak hor ditut, baina horrela segitzea erabaki dut. Berriki, hamabortz egunez ere itxita eduki dut. Langile falta izan dugu eta txandak aldatzen ibili beharrean, itxi eta oporrak hartu ditugu. Negozioa zurea da eta zerbitzu ona eman nahi duzu, baina ezin dugu egunero-egunero lanean ari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun