Leitzako txupinazoa nork botako duen erabakitzeko aukera zabalik

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 14a, 15:30

Karlos Agirrek bota zuen iazko festetako txupinazoa.

Ekainaren 22ra arte, hamasei urtetik gorako leitzarrek telematikoki bozkatzeko aukera izanen dute eta biharamunean, San Juan bezperan, kutxa bat jarriko dute plazan botoak biltzeko.

Herritarrek aurkeztutako hautagai guztien artetik  honako hirurak izan dira festa batzordeko kideek aukeratu dituztenak. Segidan dituzu beraien izen-abizenak, argazkiak eta hautagaitza aurkezterakoan herritarrek eman dituzten arrazoiak.

IBAI AZURMENDI SAGASTIBELTZA
2018.urtean profesionaletarako saltoa egin eta osasun arazo bat tarteko, bere pasioa izan den txirrindularitza utzi behar izan du. Erakutsitako jarrera, ilusio eta egindako lana eskertze aldera, herriko pestei hasiera emateko hautagai aproposa delako.

JEIKI ABESBATZA
Leitzar askoren topaleku izan da 1974. urtean sortu zenetik. Adin ezberdinetako kantuzaleen topaleku. Ibilbide oparokoa, kultura sustatzailea eta Leitzako herriaren izena han-hemen zabaldu duena. 50 urteko ibilbidea zoriondu eta ospatzeko aukera ezin hobea!

EMAKUME BASERRITARRAK
Urtetan gorputza, burua eta bihotza lurrari eman dioten emakumeak. Isileko lana, ofizio zein afizio, baserria eta lurra, zaintza lanak. Guztiak goxo burututakoak eta askotan aitortu gabekoak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun