Ihes-gela ibiltaria Leitzan izanen da ekainaren 14an, 15ean eta 16an

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 14a, 13:00

Ihes-gelan jolastu ahal izateko, erreserbak internet bidez egin behar dira.

17.logela izeneko ihes-gela ibiltariak Leitzan eginen du geldialdia ekainaren 14an, 15ean eta 16an. UEMArekin elkarlanean eta Euskaraz barra-barra egitasmoaren baitan sortu dute 17. logela ihes-gela. Euskaratik eta euskaraz sortutako ihes-gela (scape room) honen helburua aisialdian ere euskaraz gozatzea da.

Saio bakoitzean bost lagunek parte hartu dezakete gehienez eta 40 minutuko tartea izanen dute galderak eta probak gaindituz, ihes-gelatik ateratzen saiatzeko. Lortu ezean, amaitutzat emanen da jokoa. 16 urtetik gorakoei zuzendutako ekimena da eta euskara ulertu edota hitz egiteko gai den edonork parte hartu dezake.

Izen-ematea

17. gelan sartu eta jokoan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute ihes-gela.eus web orrian. Erreserba egiteko eskaintzen diren egun eta orduen gainean klikatu eta galdetegia bete beharko dute. Erronka eta gonbidapena luzatu dute: «Zatoz 17. logelara. Lehen 40 minutuak dohainik dira, gozatu, eta amets on!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun