Teknologia berrietan trebatzeko hainbat ikastaro eskainiko dituzte Leitzako Mimukai zentroan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 13a, 19:00

Ikastaroak dohainik izanen dira eta izen-ematea bihar bukatuko da.

Internet bidez komunikatzen ikasi eta teknologia berrietan trebatzeko, hainbat ikastaro jarri dituzte herritarren eskura. Dohainik izanen dira eta Leitzako Mimukai garapen zentroan eskainiko dituzte. Izen-ematea ekainaren 14an, ostiralean, bukatuko da.

Lehenbiziko ikastaroa, ekainaren 17tik 28ra emanen dute eta langabetuei edota lana hobetu nahi dutenei zuzendua dago. Berrogei orduko ikastaro bat izanen da eta goizez eskainiko dute, 09:30etik 13:30era. Oinarrizko gaitasun digitalak hobetu eta administrazio elektronikoa landuko dute: ziurtagiri digitala, online erosketak, posta elektronikoa, nabigazio segurua Interneten… izanen dira landuko dituzten gaietako batzuk.

Eskainiko dituzten beste bi ikastaroak herritar guztiei zuzendutakoak dira. Ekainaren 17tik 21era, Android telefono mugikorren erabilerari buruzko ikastaroa eskainiko dute 16:00etatik 18:00etara. Bigarren ikastaroa, ekainaren 24tik 28ra izanen da, 16:00etatik 18:00etara, eta ziurtagiri digitalak nola atera, administrazio elektronikoa... landuko dituzte.

Informazio gehiago lortu nahi dutenek edo ikastaroetan izena eman nahi dutenek 948 01 20 12 telefonora deitu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun