Leitzako igerilekuko bonuak dagoeneko eskura daitezke

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 13a, 15:00

Leitzako igerilekuak larunbatean irekiko ditu ateak.

Ekainaren 15ean emanen diote hasiera Leitzako igerilekuko denboraldiari eta dagoeneko salgai jarri dituzte abonuak. Igeriketa ikastaroak ere eskainiko dituzte eta izena emateko epea ekainaren 23an bukatuko da.

Igerilekuko bonuen eskaera kiroldegian edo internet bidez egin daiteke. Kiroldegian egitea erabakitzen dutenek datu pertsonalekin fitxa bete eta beharrezko egiaztagiriekin entregatu beharko dute: NAN kopia, familia liburuaren kopia (abonu familiarra edo familia ugariko abonua jasotzeko) eta argazkia. Web gunearen bidez egin nahi dutenek http://leitza.reservas24h.es helbidean erregistratuta eskuratu dezakete abonua.

Igeriketa ikastaroak

Uztailean igeriketa ikastaro trinkoak ere eskainiko dituzte haur, gaztetxo eta helduentzat. Hiru eta hamabi urte bitarteko neska-mutikoak bi mailatan banatuko dituzte.  Hastapenetan dauden hiru eta bost urte arteko ikasleak (seiko taldeak) multzo berean sartuko dituzte eta maila hobetu nahi duten sei eta hamabi urte artekoak beste multzo batean (hamarreko taldeak). Bi txanda eginen dituzte: uztailaren 1etik 12ra eta uztailaren 15etik 26ra. Ordu erdiko saioak izanen dira eta txikienak 12:00etatik 12:30era ariko dira eta koxkorragoak 12:30etik 13:00etara. Igerilekuko bazkideek 24 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkideak ez direnak 40 euro.

Hamabi eta hamasei urte artekoek, berriz, kirol anitzeko ikastaroa egiteko aukera izanen dute. Uztailaren 1etik 26ra uizanen dira saioak astelehen, asteazken eta ostiraletan, 11:00etatik 11:50era. Igerilekuko bazkideek 27 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkideak ez direnek 45 euro.

Helduek igeriketa ikastaro trinkoak izanen dituzte aukeran. Bi txanda osatu dituzte, uztailaren 1etik 12ra eta uztailaren 15etik 26ra. Astelehenetik ostiralera izanen dira saioak, 13:00etatik 13:30era. Izena emandakoen maila eta eskariaren arabera eginen dira ikastaro hauek eta prezioak izena emandako pertsona kopuruaren arabera zehaztuko dituzte.

Azken berriak mugikorrean

Herritarrekin komunikazioa hobetzeko whatsapp bidezko informazio kanala ere jarri dute martxan. Berrikuntza, ekitaldi, albiste eta abisu interesgarriak jaso nahi dituztenek, whatsapp mezu bat bidali behar dute ALTA hitzarekin 623 26 65 82ra telefonora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun