Maiatzaren 16an deitu zuen lehenbiziko bilera udaleko kudeaketa batzordeak. Herritar ugari bildu zen eta Cederna Garalurreko teknikariek, Olatukoopekoek eta Bakaikuarrok herri kooperatibakoek antzeko egoeretan zeuden herrietan landu dituzten proiektuei buruz hitz egin zuten. Oraingo honetan, Orexako ostatuko proiektuaren berri izan dute Eneko Maiozen eskutik. Antzeko egoera bizi zuten Orexan eta udalak herriko ostatuaren apustua egin ondotik, herri kooperatiba osatzeko bidean dira.
Enekoren ondotik, kudeaketa batzordeko kideek hartu zuten hitza. Taberna-denda jartzeko kokaleku posibleak jarri zituzten mahai gainean eta aurreko bileran atera ziren hiru aukera posible landu dituzte.
Erasoneko jabeekin bildu eta haiek duten eraikinean taberna-denda jartzea zen aukeretako bat. Haien proposamena jaso ondotik, jabetza pribatuan inbertitu beharrean, publikoaren aldeko hautua egin beharko litzatekeela erabaki zuten bileran bildutakoek.
Udaletxeko eraikinaren aldeko apustua egin dute: karrapean edo lehenengo solairuan aukera desberdinak aztertuko dituzte. Nondik jo jakiteko, proiektuari forma ematea izango da hurrengo pausoa. Herritarrak izango dira zer nolako taberna-denda nahi duten erabakiko dutenak. Horretarako, talde eragile bat osatuko dute.