Herriko komertzioa bultzatzeko bonu kanpaina hasiko dute gaur Leitzan

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 10a, 09:00

Ekainaren 10etik 16ra salduko dituzte bonuak.

Ekainaren 10etik 16ra salduko dituzte bonuak eta ekainaren 17tik uztailaren 14ra erabili beharko dira. Hogei euroko bonua erosita, hogeita hamar euro gastatzeko aukera izanen dute.

Kaxkabeltza elkarteak eta Leitzako Udalak, herriko komertzioak bultzatzeko bonu kanpaina antolatu dute. Herritarrak eta bisitariak, herriko komertzioetan erostera bultzatu nahi dituzte. Kanpaina honetan parte hartzeko baldintza bakarra 16 urte beteak izatea izanen da; ez da beharrezkoa izanen Leitzan bizitzea. 

Bonuen kanpainan parte hartzen dutenek, hogei euroko bonua erosita, hogeita hamar euro gastatzeko aukera izanen dute. Pertsona bakoitzak bost bonu erosteko aukera izanen du; hau da, 100 euro erosi eta 150 gastatu.

Bonuak ekainaren 10etik 15era jarriko dituzte salgai Kaxkabeltza elkarteko komertzio hauetan: Garbi drogerian, Astitz liburu-dendan, Lirain arropa-dendan, Leitza kirolak-en, Bi pauso oinetako-dendan eta Hernandorena burdindegian. Bonuak ekainaren 17tik uztailaren 14ra erabili beharko dituzte. Kanpainarekin bat egiten duten komertzioek kartel bat jarriko dute ikusgai. Epe hau igarota, bonuek bere balioa galduko dute eta ezinen dira itzuli edo erabili. Gainera, bonuak erabili ahal izateko erosketak, gutxienez, 10 euroko izan beharko du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun