Aresoko taberna-dendaren proiektuari buruz hitz egiteko bilera deitu dute astelehenean

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 7a, 17:00

Maiatzaren 16an egindako bileran jende ugari bildu zen.

Herrian duten zerbitzu faltari irtenbide bat eman nahian dabiltza aresoarrak. Maiatzaren 16an egin zuten lehenbiziko bilera eta ekainaren 10ean elkartuko dira berriz ere. Udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan egin dute hitzordua. 

Udaleko kudeaketa batzordeak herrian taberna-denda bat irekitzea proposatu zuen aurreko bileran. Hiru aukera posible atera ziren bilera horretan: Erasoneko jabeekin tratu bat egitea, karrapean ostatua eraikitzea eta udaletxeko eraikinean moldaketa eginda, beheko solairuan taberna-denda jartzea.

Hiru aukerak aztertu dituzte eta bildu duten informazioa (arkitektoen txostenak, diru-kontuak...) herritarren eskura jarriko dute. Bileraren helburua, taberna-ostatuaren kokalekua finkatzea izanen da, proiektuaren abiapuntua zehazteko. Orexako ostatuan antzeko proiektua landu dutenez, bertako ordezkariak ere gonbidatu dituzte bilerara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun