Azoka ibiltaria eta talo eguna prest dituzte Goizuetan ekainaren 8rako

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 6a, 11:00

Elikagaiak, artisau lanak... denetarik erosteko aukera izanen da plaza inguruan jarriko dituzten postuetan.

Mendialdeko Azoka Ibiltariak geldialdia eginen du Goizuetan ekaineko bigarren larunbatean. Aurreko edizioetan bezala, elikagai ekoizle eta artisauen bilgune izanen da plaza ingurua eta eguraldi txarra egiten badu eskolan eginen dute ekimena. Ez da eguneko hitzordu bakarra izanen, talo eguna ere egun berean ospatuko dute.

Goizean irekiko dute azoka eta Mendialdeko hainbat ekoizlek jarriko dituzten postuekin batera, herritarrek ere izanen dute tokia. Taloaren historia azaltzen duen erakusketa ere jarriko dute ikusgai: tresneriarekin, argazkiekin eta hainbat testurekin. Herritarrei eskatu diete laguntza eta artasoroak ageri diren argazkiak, arbasoak taloak erretzen edo artoa kirkiltzen... ageri direnak jarriko dituzte ikusgai. Taloak egiten eta artoa kirkiltzen ere ariko dira eguerdian. Nola egiten diren ikusi bakarrik ez, taloak dastatzeko aukera ere izanen da Saralegi talogileek eta Goizuetako talogileek jarriko dituzten postuetan. Arratsaldean, umeentzako talo tailerra egiteko asmoa dute Umore Ona Elkartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun