Jon Egizabal leitzarrak Challenge Saltoki mendi bizikleta txapelketa irabazi du junior mailan

Ttipi-Ttapa 2024ko mai. 29a, 10:00

Jon Egizabal leitzarra Muskitzeko podiumean, Saltoki Challengea irabazi ondotik.

Nafarroako txapeldunordea izan da kategoria horretan, Muskitzeko igandeko proban bigarren izan ondotik

Maiatzaren 26an, igandean, Challenge Saltoki mendi bizikleta lasterketako hirugarren eta azken proba eta, aldi berean,  Nafarroako Junior mailako BTT txapelketa jokatu zen Muskitzen.

Challenge Saltoki hiru lasterketaz osatutako txapelketa da eta hiruetan parte hartu du Jon Egizabalek. Izkuen, apirilaren 28an, aurreneko postua egin zuen, Oltzan maiatzaren 12an, bigarrena eta Muskitzen ere bigarrena izan zen, lasterketa lehiatu baten ondotik. Modu honetara, Nafarroako mendi bizikleta txapelketan junior mailan txapeldunorde izan da, baina Challenge Saltoki txapelketa irabazi du.

Orain, uztailaren 14an Huelvan jokatuko den Espainiako txapelketari begira prestatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun